Azkoitiko Udalak 168.087 euro banatu zituen 2020. urtean Gizarte Larrialdietako Laguntzetan. Erakundeak azaldu duenez, guztira, 120 bizikidetza unitatek eta 376 lagunek jaso zuten laguntza alokairua, hipoteka, argia, ura edota bestelako gastuak ordaindu ahal izateko. Gizarte Zerbitzuek kudeatu dituzte laguntza horiek, eta bizikidetza unitatearen arabera, laguntza jaso dutenak honakoak izan dira: 33 pertsona bakarrak osatutako unitateak, 20 unitate monomarentalak, 2 unitate monoparentalak, 63 adin txikiko karguak dituztenak —unitate monomarentalak eta monoparentalak barne— eta 15 pentsiodunak.
Laguntzen %32 alokairua ordaintzeko eman zuten, eta %14,85 hipoteka ordaintzeko. Bestalde, laguntzen %32,79 mantenu eta energia gastuak ordaintzeko izan ziren. Baldintzak betetzen zituzten herritar guztiek jaso zituzten laguntzak, eta udalak adierazi duenez, COVID-19a dela-eta %31,25 egin zuten gora laguntzaren eskatzaileek 2019ko datuekin alderatuta. Janire Igoa udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, guztira 375 eskaera jaso zituzten, eta horietatik 21 baztertu zituzten.