Larunbateko gertaeren aurrean "ezinegona eta desadostasuna" adierazi ditu Azkoitiko EH Bilduk

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 8a, 19:19

Ertzaintzak herriko gazteen aurka izan zuen "jarrera oldarkorraren" aurrean, "ezinegona eta desadostasuna" adierazi ditu koalizioak, eta babesa agertu die "errepresioa jasan zuten gazteei". Era berean, "horrelako egoerak" ezin direla errepikatu adierazi du Azkoitiko EH Bilduk, eta "erantzukizunaren aldeko deia" egin die herritarrei, polizia-indarrei eta erakundeetako arduradunei. 

Joan zen larunbat gauean tabernen itxiera orduan Azkoitian jazotako gertaeren gaineko hausnarketa plazaratu du Azkoitiko EH Bilduk. Ertzaintzak herriko gazteen aurka izan zuen "jarrera oldarkorraren" aurrean, "ezinegona eta desadostasuna" adierazi ditu koalizioak, eta babesa agertu die "errepresioa jasan zuten gazteei". 

"Azken asteetan Euskal Herriko hainbat txokotan ikusten ari garena asteburu honetan Azkoitian gertatu da", adierazi du Azkoitiko EH Bilduk, eta azpimarratu du "osasun-egoera oso larria" dela, eta horrek "guztion inplikazioa" eskatzen duela. Hori dela eta, koalizioak "erantzukizunaren aldeko deia" egin die herritarrei, polizia-indarrei eta erakundeetako arduradunei: "Horrelako egoerak ezin dira berriro errepikatu, eta horrek Azkoitiko herritar guztien jarrera arduratsua eskatzen du –horrela ari dira gehien-gehienak–, baita Ertzaintzarena ere, egoera larriagotzea dakarten jardueretara baino prebentziora bideratutako esku-hartzeekin".

Horrez gain, pandemiaren eraginez sortutako testuinguruan jarri du arreta EH Bilduk, eta "egoera honetatik lehenbailehen ateratzeko" lanean ari diren langile guztien "ahalegina eta inplikazioa" aitortu nahi izan ditu, baita "azkoitiar gehienak oro har egiten eta erakusten ari diren ahalegin eta konpromiso handia ere". Halaber, egoera honetan zentzuz jokatzea garrantzitsua dela azpimarratu du koalizioak: "Arauak batzuk edo besteak izan, krisiaren kudeaketan ematen ari diren informazio eta gardentasun gabeziak alde batera utzita, eta nahiz eta agerikoa izan neke handia dagoela, une honetan zentzuak gidatu behar du gure jokabidea".

Asteburuko gertaerek erreakzio ugari eragin dituzte Azkoitian, eta herritar ugari kalera atera ziren atzo arratsaldean larunbateko erasoak salatzera. Azkoitiko Gazte Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin zuten herriko plazan, eta ehunka lagunek egin zuten bat deialdiarekin. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide