Azkoitiko Udalak Hirigintza Arauen gainean egindako aldaketak bere horretan geldituko dira. Izan ere, ezohiko udalbatzarra egin du gaur, osteguna, Azkoitiko Udalak, eta bertan, Larke 360 enpresak udalari aurkeztutako alegazioa ezestea erabaki dute aho batez. EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Azkoitia Bai alderdien babesa izan du alegazioa ezesteko proposamenak; beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Ordenamendurako Batzordeak eskatutakoa bete du udalak, Larke 360 enpresaren alegazioa tarteko osatutako txosten juridiko-teknikoa udalbatzarrak onartzea.
Joan den irailaren 29an egindako udalbatzarrean hasi zen guztia, udaleko alderdiek aho batez onartu baitzuten lurzoru ez urbanizagarrien gaineko aldaketa puntuala egitea. Aldaketa hori tarteko, eraikuntza eta eraispen hondakinak jasotzeko Larke 360 enpresak Azkaraten egin nahi zuen lur eremua ez urbanizagarri izendatu zuen udalak, eta erabaki hori behin-behinean onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegazioetarako epea zabaldu zen. Larke 360 enpresak alegazioa aurkeztu zuen udaletxean, "erabaki horrek oinarri legalik ez" zuela esanez eta bertan behera uztea eskatuz.
Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxaniz izan da bozkatu aurretik hitza hartu duen bakarra. Haren arabera, Azkoitiko herritarrek "garbi" utzi zuten herrian ez zutela Azkaraten egin asmo zuten moduko instalaziorik nahi. Horren harira, Larke 360 enpresako arduradunek bere hitza ez betetzeak "min" eman diela azaldu du: "Emandako hitza beteko balute, ez ginateke gaur hemen egongo, lehenengo egunetik esan baitziguten gure herriak beraiek buruan zuten proiektu horri ezetza emango balio atzera egingo luketela". Irakurri hemen Etxanizek udalbatzarrean esandakoa, osorik.