Azkarateko hondakin gunea

Larkek udalari aurkeztutako alegazioak ezesteko ez ohiko udalbatzarra deitu du udalak ostegunerako

Andoni Elduaien 2021ko ots. 2a, 11:02

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Ordenamendurako Batzordeak udalari azaldu dio Larke 360 enpresak egindako alegazioari erantzuna emateko udalbatzarretik pasatu behar duela gaiak.

Azkoitiko Udalak Hirigintza Arauen gainean egindako aldaketaren kontrako alegazioa aurkeztu zuen Larke 360 enpresak joan den urteko azaroan. Hain zuzen ere, udaleko alderdiek aho batez onartu zuten lurzoru ez urbanizagarrien gaineko aldaketa puntuala egitea joan zen irailaren 29an egindako udalbatzarrean.

Aldaketa hori tarteko, eraikuntza eta eraispen hondakinak jasotzeko Larke 360 enpresak Azkaraten egin nahi zuen lur eremua ez urbanizagarri izendatu zuen udalak, eta erabaki hori behin-behinean onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegazioetarako epea zabaldu zen. Larke 360 enpresak alegazioa aurkeztu zuen udaletxean, "erabaki horrek oinarri legalik ez" zuela esanez eta bertan behera uztea eskatuz.

Azkoitiko Udalak txosten juridiko-teknikoa egin zuen Larke 360 enpresak aurkeztutako alegazioa tarteko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Ordenamendurako Batzordera dokumentazioa bidali zuen. Erakunde horrek udalari azaldu dio, baina, Larke 360 enpresari aurkako erantzuna emateko udalak egindako txostenak udalbatzarrak ziurtatu behar duela. Tramite horixe onartzea da osteguneko ez ohiko udalbatzarrean egingo dutena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide