Asteburuan hamar positibo baieztatu dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 25a, 13:57

Pixkanaka-pixkanaka gorantz doa Azkoitiko intzidentzia tasa: ostiralean 382,88koa zen eta 417,26koa da gaur.

Ostiraletik atzora hamar positibo baieztatu dituzte Azkoitian: ostiralean lau eta larunbaten eta atzo hiruna. Oraindik eremu laranjan dago herria, baina pixkanaka-pixkanaka gorrira gerturatzen ari da. Ostiralean 382,88 zen hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, eta 417,26 da gaur.

Halara ere, eskualdean badira Azkoitia baino egoera okerragoan dauden herriak. Ostiraletik atzora guztira 116 positibo baieztatu Urola Kostan, joan den asteburuan baino 33 gehiago, eta erdiak baino gehiago Azpeitian; 60 hain zuzen. Ondorioz, hango intzidentzia tasak nabarmen egin du gora. Ostiralean 716,16koa zen eta 1.031,54koa da gaur. Horrenbestez, itxita jarraituko dute hango tabernek eta jatetxeek eta debekatuta taldean kirola egiteak eta eskola kirolak.

Zestoan ere egoera ez da askoz hobea. Ostiralaz geroztik hamabost positibo berri zenbatu dituzte han, eta 898,82koa da intzidentzia tasa. 5.000 biztanle baino gutxiago izanik, ez da Jaurlaritzaren koloreen eskeman sartzen, baina bai herri gorrien zerrendan. Herriko egoera ez ezik, osasun eremuko egoera hartzen dute kontuan zerrenda hori osatzeko, eta Zumaiaren osasun eremu berean egoteak ez dio mesederik egiten Zestoari. Han ere itxita jarraituko du ostalaritzak eta debekatuta taldeko kirol jarduerek. 

Beste horrenbeste Orion eta Zumaian ere. Orion bost kasu berri baieztatu dituzte asteburuan eta 750,16koa da intzidentzia tasa. Zumaian, berriz, positibo berrien kopuruak apaltzera egin du, sei baieztatu dituzte ostiralaz geroztik, baina oraindik ere 500eko langaren gainetik jarraitzen du intzidentzia tasak: 661,44koa da hain zuzen. 

Aizarnazabalen ere egoerak nabarmen egin du hobera. Asteburuan ez dute positiborik atzeman, baina oraindik ere zerrenda gorrian jarraitzen du, aurreko astean baieztatuko positiboen ondorioz. 

Zarautzen, ostera, hobea da egoera. Hamabost positibo baieztatu dituzte asteburuan eta 235,58koa da intzidentzia tasa. Eremu horian jarraitzen du, beraz.

Aian bost positibo baieztatu dituzte azken egunotan. Intzidentzia tasa 705,29koa den arren, osasun eremuko egoera ez da larria, eta horregatik zerrenda gorritik kanpo jarraitzen du momentuz. 

Errezilen bi kasu baieztatu dituzte asteburuan, Getarian bat eta Beizaman bat ere ez. 

Ia mila positibo Hego Euskal Herrian 

Atzo 11.220 proba egin zituztenHego Euskal Herrian eta horietatik 985ek eman zuten positibo, %8,7ak hain zuzen. Bizkaian 426 kasu atzeman zituzten, Gipuzkoan 243, Nafarroan 159 eta Araban 151. 

Ondorioz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako presioak hazten jarraitzen du. Atzo beste 48 lagun ospitaleratu zituzten, eta 682 lagun daude erietxean; horietatik 122 Zainketa Intsentsiboetako Unitatean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide