Azkoitia, hirugarren olatuari eusten

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 22a, 13:48

Atzo beste sei positibo atzeman zituzten herrian, 21 izan dira astebean, eta 382,88koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua. Pixkanaka-pixkanaka gorantz ari da intzidentzia tasa, baina inguruko zenbait herri baino hobeto ari zaio egoerari eusten.

Azkoitiko egoera ona ez da, baina bai inguruko beste zenbait herritakoa baino hobea. Atzo sei positibo atzeman zituzten herrian, 21 astebetean, eta gaur-gaurkoz 383,88koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua. Momentuz hirugarren olatuari eusten ari da Azkoitia, baina nabarmendu beharra dago joera ez dela ona, pixkanaka-pixkanaka igotzen ari baita intzidentzia tasa; joan den ostiralean 317,12koa zen.

Dena dela, gaur-gaurkoz, Azkoitiko egoera ez dago konparatzerik eskualdeko beste zenbait herritakoarekin. Azpeitia, Aizarnazabal, Orio eta Zumaia itxita daude, baita horietako tabernak eta jatetxeak ere; eta debekatuta dituzte taldean kirola egitea eta eskola kirola.

Azpeitia eta Orio dira azken egunotan bilakaerarik txarrena izan dutenak. Azpeitian 81 positibo zenbatu dituzte astebetean —horietatik hamahiru atzo—, eta 716,16koa da intzidentzia tasa. Oriok are tasa altuagoa du; 750,16koa. Han lau positibo baieztatu zituzten atzo, eta 28 izan dira astebetean. Zumaian, berriz, apurka bada ere, beherantz doa intzidentzia tasa; 742,85koa du egun. Atzo beste hiru kasu baieztatu zituzten han, astebetean 26. Zestoan bi positibo atzeman zituzten atzo, astebetean 21, eta 590,65eko intzidentzia tasa dute. Aizarnazabalen, berriz, sei positibo zenbatu dituzte astebetean —atzo bat bera ere ez—, eta oraindik ere intzidentzia tasa oso altua duen arren, egoerak nabarmen egin du hobera azken egunotan

Zarautzen, aldiz, txukunago dabiltz. Atzo sei positibo baieztatu zituzten, astebetean 30, baina eremu horian jarraitzen du, 218,44ko intzidentzia tasarekin.

Guztira, 34 positibo zenbatu zituzten atzo eskualdean.

Hego Euskal Herrian ia 1.500 positibo

Joan den larunbatetik, kutsatzeen goranzko joerak ez du etenik izan Hego Euskal Herrian. Birusaren transmisioaren gaineko informazioak egunero erakutsi du bilakaeraren makurtzea, eta, egun, azaro erdialdekoen parekoak dira eguneko positiboen datuak. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beste 1.444 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, guztira 16.623 proba eginda. Bezperako datuen aldean, kasuak nabarmen igo dira Nafarroan; egun bakarrean zenbatutako positiboek 300en langa gainditu dute han.

Lurraldez lurralde, Bizkaian 639 kasu zenbatu dituzte, Gipuzkoan 319, Nafarroan 305, eta Araban 174. Gainera, Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi duenez, Euskal Herritik kanpo bizi diren beste zazpi pertsonari atzeman diete birusa azken egunean.

Ospitaleen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du atzo 77 pertsona eraman zituztela erietxera gaitzaren sintomak larriagotuta. Gainera, Osakidetzak zehaztu du oraintxe bertan 501 lagun daudela gela arruntetan ospitaleratuta, eta 109 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du eman erietxeen gaineko informaziorik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide