Hiru kasu positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko urt. 21a, 13:08

Intzidentzia tasak behera egin du zertxobait herrian, baina eremu laranjan jarraitzen du Azkoitiak. Aizarnazabalen, Azpeitian, Orion, Zestoa eta Zumaian 500dik gorakoa da intzidentzia tasa. Aian ere bai, baina hura ez dute itxiko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno probetan zenbat kasu positibo atzeman zituen. Azkoitian hiru kasu berri gehitu dira zerrendara. Azken egunotan Azkoitiak ez du lau kasu positiboko langa gainditu, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa metatua 367,19koa da gaur; atzo bederatzi puntu altuagoa zen, 375,53koa hain zuzen. Hamazazpi kasu hauteman dituzte azken zazpi egunetan herrian. Martxoaz geroztik, berriz, 884 azkoitiarrek eman dute positibo probaren batean.

Eskualdean hirugarren olatua eragin handiagoa ari da izaten, guztira 50 positibo detektatu baitzituzten atzo. Azpeitian baieztatu zituzten atzo ere kasu gehien, izan ere hemezortzi positibo baieztatu zituzten. Bihar, ostirala, itxiko dute Azpeitia, intzidentzia tasak 500eko langa gainditu zuelako atzo, urtarrilak 20. Gaur, gainera, gora egin du tasa horrek, eta 650,46an kokatu da. Horrenbestez, herriko sarrera-irteerak eta ostalaritza ixteko aginduko du Eusko Jaurlaritzak, eta taldeko kirola ere debekatuko du. Neurri horiek bihar bertan sartuko dira indarrean, eta gutxienez datorren ostiralera arte egongo dira egoera horretan.

Azpeitiaren atzetik, Zarautzen atzeman zituzten atzo kasu gehien; han 11 kasu positibo berri zenbatu zituzten. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasa 201,31koa da Zarautzen, eta eremu horian izanik, urrun dituzte oraingoz Jaurlaritzak ezartzen dituen neurri gogorrenak. Nabarmendu behar den beste herria Zestoa da. Izan ere, lau kasu berri atzemanda 539,29ko intzidentzia tasara ailegatu da, eta Azpeitian bezala han ere ez da bihartik aurrera gogortuko ditu neurriak Jaurlaritzak. Mugitzeko askatasuna mugatzeaz gain, ostalaritza guneak eta taldean kirola egitea galaraziko dituzte.

Dagoeneko itxita dauden herrien artean daude Orio, Zumaia eta Aizarnazabal. Orion, beste bost kasu atzeman dituzte, eta eremu gorrian jarraituko dute han; 717,55ekoa da intzidentzia tasa. Modu berean daude Zumaian ere; han lau kasu positibo berri hauteman zituzten atzo egindako probetan, eta 773,38an da tasa. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu berri zenbatu zituztern, eta eskualdeko tasarik handiena duen herria izaten jarraitzen du 4.551,37ko tasarekin. Aian, aldiz, bi kasu atzeman dituzte, eta intzidentzia tasa 554,16koa da; halere, Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen ebazpenean ez du Aia sartu itxiko diren herrien zerrendan. Izan ere, Jaurlaritzak osasun eremuen egoera hartzen du kontuan, besteak beste, 5.000 biztanletik beherako herriak ixterako orduan, eta 314,82koa da Zarautz, Orio eta Aiako osasun eremuaren tasa. Zumaia, Zestoa eta Getaria arteko osasun eremuko tasa, berriz, 772,07koa da.

Kasuak aregoatzen

Hego Euskal Herrian, bestalde, 1.340 kasu positibo atzeman zituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.664 PCR eta antigeno test egin zituen Osasun Sailak atzo, eta 1.115 kasu detektatu zituen. Osasunbideak, aldiz, 3.081 proba egin zituen Nafarroan, eta 225 kasu positibo atzeman zituen. Lurraldeen arabera, egoerarik okerrena Bizkaian dute. 622 kasu zenbatu zituzten han, 299 Gipuzkoan eta 176 Araban. Halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hemezortzi kasu ere baieztatu dituzte.

Osasun erakundeek ez dute argitu oraingoz hiru lurralde horietan zenbat pertsona dauden ospitaleratuta; hala eta guztiz ere, Osakidetzak adierazi du zainketa berezia behar duten 101 pertsona daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horiek ZIUan ospitaleratuta daude. Nafarroan positibotasun tasa %7,3an kokatu da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8,2an. Azken hiru lurralde horietan, gainera, R0 indizea 1,18koa da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide