Atzo Avilesen kontra lortutako garaipena tarteko, Espainiako Emakumeen Bigarren Mailan jarraitzeko txartela lortu du Azkoitia-Azpeitia ISBk. Andoni Lazkanok gidatzen duen taldeak 46 eta 63 irabazi zuen norgehiagoka, eta garaipen hori aski izan zaio mailari eusteko. Hain zuzen, 2020-2021 denboraldiko hamaseigarren jardunaldian lortu dute Azkoitiko eta Azpeitiko emakumeek beste denboraldi batez maila horretan jarraitzeko txartela.
Azkoitia-Azpeitia ISB denboraldi oso ona ari da egiten; izan ere, A taldeko hirugarren postuan da 28 punturekin. Bigarren sailkatuak, Construcciones Ardoi taldeak ere puntu kopuru bera du, eta sailkapen buruan den Baxi Ferrolek 32 puntu ditu. Hiru multzotan ari dira jokatzen aurtengo denboraldia, eta ikusteko dago igoera fasera zein talde sailkatuko diren.