Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, bi positibo berri baieztatu zituzten atzo Azkoitian. Azken astean 25 kasu zenbatu dituzte herrian; hamahiru ziren joan den astean, eta, beraz, ia bikoiztu egin da kopurua astebetean. Horren erakusle da intzidentzia tasak izan duen gorakada ere: 317,12koa da gaur-gaurkoz –atzo baino zertxobait baxuagoa–, eta 183,59koa zen duela astebete. Horrenbestez, eremu laranjan dago herria egun.
Eskualdean, berriz, 31 positibo zenbatu zituzten atzo. Zumaian dute egoerarik txarrena; hamahiru positibo zenbatu dituzte herri horretan, eta 926,02ko intzidentzia tasa dute gaur-gaurkoz. Eremu gorrian segitzen dute herri horretan, eta, beraz, mugek itxita jarraituko dute.
Mugak itxita dituen beste herri bat Aizarnazabal da. Atzo ez zuten batere positiborik zenbatu herri horretan, baina azken egunetako positibo kopurua dela eta, 7.412,22ko intzidentzia tasa dute han; beraz, herritik atera gabe jarraitu beharko dute bertako bizilagunek. Aian ere 500eko langa gainditu dute, atzo zenbatu zituzten bi positibo berriak kontuan izanda; 503,78ko tasa dute han egun. Ikusteko dago oraindik Osasun Sailak astelehenean herri horretako mugak ixtea erabakiko duen ala ez.
Gainontzeko kasu positiboak honako herri hauetan zenbatu zituzten: Orion eta Azpeitian, launa; Zarautzen, hiru; Azkoitian eta Zestoan, bina; eta Getarian, bat. Herri horien artean, Orion dute intzidentzia tasarik altuena: 407,7ko tasa dute egun, eta eremu laranjan daude herri horretan. Bestalde, Errezilen eta Beizaman ez dute positiborik atzeman azken orduetan.
Hego Euskal Herriko datuak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.224 antigeno eta PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo. Horietatik 760k eman zuten emaitza positiboa; %5,6k, alegia. Bizkaian 412 positibo zenbatu zituzten, Gipuzkoan 239 eta Araban 100. Nafarroan, berriz, 226 kasu zenbatu zituzten atzo, bezperan baino hamahiru gehiago. 2.861 proba egin zituzten atzo lurralde horretan, eta %7,9koa da positibotasun tasa.
Osakidetzaren zentroetan 50 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta, guztira, 367 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 84 ZIUn. Nafarroan, ZIUko oheen %11,20 daude beteta COVID-19 gaitza duten pazienteekin.