Positibotasun tasa gorantz doa Hego Euskal Herrian

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 2a, 15:03

Herriz herriko datuak astelehenera arte ez dituzte emango, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan positibo emandakoen ehunekoa 6tik 7,3ra pasatu da lau egunetan, eta Nafarroan 6,7tik 8ra egun bakarrean. 

2021eko lehen egunean ere egin dituzte PCR eta antigeno probak Hego Euskal Herrian, 5.426 proba guztira, eta 302 positibo atzeman dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (%7,3), eta 103, berriz, Nafarroan (%8). Datu horiek esku artean, positibotasun tasak gora egin du azken egunetan, Nafarroan %6,7tik %8ra herenegundik atzora. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere gorantz doa, %6tik %6,1era egin baitzuen aurrena, gero %6,1etik %6,9ra, eta orain %6,9tik %7,3ra.

Lurraldeen arabera, 80 positibo atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo Araban, 119 Bizkaian, 95 Gipuzkoan eta beste erkidego batzuetako zortzi kasu ere zenbatu zituen. Osasunbideak 103 kasu berri atzeman zituen Nafarroan. Bezperako datuekin alderaketa egitea ez da erraza, proba kopuruan alde handia baitago (9.157 proba egin zituzten herenegun, atzo baino 3.731 gehiago). Astelehenean emango dituzte herriz herriko datuak.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 23 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren zentroetan, eta COVID-19a duten 77 pertsona daude ZIU Zainketa Intentsiboko Unitatean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide