Alerta laranja aktibatuta dago atzo gauetik, eta goiz osoan zehar mantenduko dute. Izan ere, tenperaturak baxuak dira; Gipuzkoan, 2 eta 5 gradu artean ibiliko dira gaur, eta goizaldean elurra bota du toki askotan. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera, Urola Kostako puntu altueneko errepide zati batzuk itxita daude une honetan: Urraki, esaterako, itxita dago kamioi eta ibilgailu artikulatuentzat, eta autoek kateak behar dituzte zirkulatzeko. Elosua eta Mandubia ere itxi egin dituzte arratsaldean.
Beste puntu batzuetan arretaz gidatzea gomendatu dute: Orioko gainean (Zudugarai) eta Azkaraten. Bestalde, oraingoz normaltasuna da nagusi Meagan eta Itziarren. Atzo iluntzean gatza bota zuten errepide askotan, izotzagatik istripuak saihesteko.
Alerta, egun osoan
Elurragatik ezarritako alerta laranja 15:00ak arte egongo da indarrean. Elur-kota 200 eta 400 metro artean egongo da, eta ekaitza eta txingorra bota ditzake. 15:00etatik gauerdira bitartean, berriz, abisu horia egongo da indarrean.