2020: ahazteko, gogoratzeko

Kontzeptu bat urtea definitzeko (I)

Maxixatzen 2020ko abe. 29a, 11:58

Amaitzear den urte ezohiko honetaz hausnartzeko eskatu zaie Urola Kostako zortzi herritarri, eta hitz bat aukeratuta abiatzeko artikulua: pandemia, denbora, ardura, kolokon, eraldaketa, krisaukera, bakardadea eta kaos geopolitikoa hautatu dituzte. Gaur aurreneko zatia publikatuko dugu. Hauek dira gaurko protagonistak: Ekaitz Etxezarreta azkoitiarra, Itziar Cortes zarauztarra, Eire Maia zumaiarra, Iñaki Segurola azpeitiarra eta Maria Zunzunegi zestoarra.

Iñaki Segurola: 'Pandemia (nola ez ba?)'

Filologoa eta idazlea

Aurtengo urtea berehala sartu da Historian. Hitz bat eskatzen zait urtea definituko duena, eta hasieratik Historia egindako urte moduan agertzen zait 2020ko hau. Hain historikoa, definitua eta autodefinitua, non bizitzea ia ezindu egin baitzaigu, lehenaz gainera.

Hitz definitzaile bat eskatzen zait. Ez dago eskatu beharrik. Emana dago. Hitz hori pandemia da. Pandemia bizi izan dugun urtea da hau. Pandemia asmatu diguten urtea da. Asmatu? Badakit: hola jarduteak negazionismo eta ernegazionismo konspiranoikoan kokatzen nau, baina ni, izatekotan ere, dudazionista naiz, baina hiztegigilea ere banaiz, edo izan naiz, eta urte hau pandemikoa da arrazoi bakar bategatik: 2009an, A gripearen iruzur kosmikoan, pandemia hitzari definizioa aldatu ziotelako horretarako eskua zutenek. Ordu arte, "hilkortasun esanguratsua" behar zen pandemia bat deklaratzeko; orduz geroztik, ez. Hildako bakarrarekin aski izango zen. Autopsiarik gabeko bakar batekin. Horrela zabaldu zen izu pandemikoa mundura, eta hasieratik gizendutako izu horren ondorioak izugarriak izan dira. Ez dago jakiterik zer izango zen pandemia jende-lotzaile, ingresatzaile eta botikatzaile zoro bat egikaritu izan ez balitz era militarista batean; gertatzen ari zena pandemia super-hiltzaile gisa hartu ez balitz hasiera-hasieratik; eta hainbeste jende heriotzera kondenatua sentitu ez balitz. Ez dago jakiterik. Ez dakit. Dudazionismoa da hori. Dudarik ez dagoena da aldaketa egin zutenek bazekitela zer komeni zitzaion munduari.

Urte honek bizia aldatu digu. Arrazoi ofizialaren arabera, birus bat da gorabehera guztia. Guk ez dugu birus hori ikusi (fedabideetako karikatura koroaduna aparte lagata), eta ezin dezakegu ezer esan, baina Han Goian egindako definizio aldaketa batek ekarri duena ikusi dugu, pairatu dugu eta politika instituzional osoaren onespenarekin aurrera egiten ikusi dugu.

Honaino 2020koa. Gehitzeko esan didate hemen 2021eko eskakizunak, eta datorren urteari eskatzen diot Historiatik ateratzea. 

Izu pandemikoaren maskara eraztea. Geure izuarekin eta geure eromenarekin eta geure hiltzeko beldur propioarekin bizitzera itzultzea, dena dakitenek eta asko dezaketenek ezarritako definizioetatik libre.
Urte berri on. Bizi guztian 2020 honetan katigatuta gelditzeko arriskua daukagu, eta badaezpada berriro: urte BERRI on.

Eire Maia: 'Denbora'

Ikaslea

Txikitan denok amestu izan dugu geure bizitza nolakoa izango den hemezortzi urte egiten ditugunean. Zer izango garen, nolakoak… Ea txikitan izan nahi genuen hori guzti hori garen, edota izateko bidean gauden. Baina nork esango liguke geure ametsen aurretik amesgaiztoak zeudela? Nork, bat-batean gure denbora ez denean geurea gehiago?

Bizitza guztian zehar momentu berezi jakinak gogoratzen ditugu, eta, nire aldetik, nostalgia ni naizenaren zati handi bat da. Horrek egiten du urte hau berezi niretzat. Urtero data hauetan atzera begiratzeko joera dugu, eta aurtengo honetan, inoiz baino errazagoa ari da izaten momentu berezi horiek zein diren identifikatzea. Eta egia esan, urtebete igaro ordez, hiru pasa direla dirudi. 

Denbora. Hori izango litzateke nire hitza pasa den urte hau deskribatzeko. Hura galdu dugunaren sentsazioa izan arren, beste ikuspegi batetik ikusita, irabazi egin dugula ere iruditzen zait. Izan ere, guztiak eztanda egin baino lehen genuen errutinan nabarmentzen ez genituen xehetasun txiki horiek, egunerokotasuneko protagonista bilakatu dira. Lehen ikusi nahi ez genituen gauzak, orain ezin ditugu alde batera utzi, ezin dugu ez ikusiarena egin. 

Martxoa baino lehenagoko oroitzapenak gogoratzea ez da erraza. Badirudi urte honen hasiera itxialdia izan zela. Guzti hau eta gero, zaila da denboraren nozioa mantentzea. Hilabete batzuetan denon mundua gelditu zen, baina norberarenak aurrera egin behar zuen. Gertatu zenarekiko sentimendu eta emozioak ordenatzea ez zen inondik inora ere erraza izan. Oraindik ere, zaila egiten zait sarritan. Eta ez dut uste bakarra naizenik. Sentimendu horien artetik, milaka momentu bizi gabe uzten ari nintzenaren pentsamendua zen gailentzen zena. Ez nekien nora joan ziren bizi gabeko horiek, eta haienganako bidea topatzea ezinezkoa zen. Hainbeste atentzio eskaini nion horri, bizitzen ari ginen gainontzekoari ez bainion tarterik eman. Beldur asko nituen, selektibitatea (nahiz eta oso topikoa izan), unibertsitatea, bizitza berri bat… Orduko errealitate arraro horren ostean zetorren guzti horrek, izugarrizko bertigoa ematen zidan. Urtea aurrera joan den heinean, berriz lurreratzea eta kaleetako zaratara itzultzea, ordura arte zegoen isiltasunera moldatu ondoren, arraroa izan zen. Ateratzeko gogoa eta barruko erosotasunaren arteko barneko guda sortu zitzaidan. Berriz memoriak egiten hasteko izugarrizko gogoa nuen, baina etxean nuen aisetasuna ez zen guztiz desatsegina. 

Hala ere, behin atera ondoren, ez nintzen berriz sartu. Galdutako denbora nahi nuen berreskuratu, baina egia bakarra da, ez genuela inolako denborarik galdu. Horretaz konturatu eta gero hasi nintzen orainaldia baloratzen. Etorkizunaren aurretik orainaldia dago, eta horrek egiten gaitu garen bezalakoak. 

Beti etorkizuna planeatzen dugu. Txiki-txikitatik, hil arte. Baina aurtengo urte berezi honek ikusarazi digu, ez dugula kontrolik. Orainaren eta etorkizunaren artean dagoen marra fin hori, hori izan da 2020a. Egunaren amaieran, denbora beti izango da geure buruarena soilik, eta inork ez digu kenduko.

Maria Zunzunegi: 'Bakardadea'

Psikologoa

Pandemia garai hauetan, COVID, PCR, antigeno, konfinamendu eta antzeko hitzak etxeko sukalderaino sartu zaizkigu eta egunero ditugu guztion ahotan, baina bada beste hitz bat gehiegi ahoskatu gabe oso present dagoena; bakardadea

Hiztegira jotzen badugu, bakarrik hitzaren esanahia lagunik gabe, kiderik gabe da. Pandemia eta honen inguruko neurriak direla eta lagunik gabe, senitartekorik gabe izan gara denbora luzez.

Comillasko Unibertsitate Pontifikoan eginiko ikerketa baten arabera, espainiar estatuan bakardade sentimendua bikoiztu egin da pandemian zehar. Portzentajeei dagokienez, 60 urtetik gorakoen %14,7 dira bakarrik sentitzen direnak, 30 eta 60 urte bitartekoen %18 bakarrik sentitu dira martxoaz geroztik, eta %31 arte igotzen da portzentaia 30 urtetik beherakoen kasuan. Badirudi sare sozialek eta hiperkonektibitateak ezin izan dituela konpentsatu aurrez aurreko afektu eta gertutasuna, isilean mintzen gaituen bakardadeari indarra emanez.

Pandemia hasi aurretik gure egunerokotasuna kanporantz begira igarotzen genuen, lana, ikasketak, lagunak, senitartekoak… Baina hau guzti hau murriztu denean, geure buruarekin egotea besterik ez zaigu gelditu, eta a ze disgustoa! Inoiz ez dugu geure burua konpainia gisa ikusi, maitasun iturri gisa landu… eta geure buruarekin bakarrik gelditu garenean, hutsune galanta sumatu dugu. Bakardadea beti kanpo harremanen faltari egotzi izan diogu, baina bakardaderik krudelena geure buruarekin duguna dela deritzot.

Geure burua zaindu eta lantzearen ideia berekoitzat jo izan dugu beti, besteen behar eta zaintzak lehen postuan ezarriz. Hau honela izanik, geure buruarekin bakarrik aurkitu garenean, tristura, antsietatea eta halakoak azaleratu zaizkigu. Beti jakin izan dugu nortzuk gabe bizitza ezinezko egingo zitzaigun, baina oraintxe ohartu gara geure burua gabe bizitzea ezinezkoa zaigula. Pandemia honek traba, samin eta bestelako egoera edo sentimendu negatiboez haratago, esperientzia orok bezala, aukerak eskaintzen dizkigu. Kasu honetan, behartutako bakardade honen aurrean, geure burua kontuan hartzearen beharraz jabetzeko aukera eskaintzen digu. Bizitzako bidaia honetan ziurra dugun bidelagun bakarra geure burua da. Ezagutu, entzun, sentitu eta zaindu dezagun beraz!

Itziar Cortes Etxabe: 'Eraldaketa'

Zientzialaria

Oraindik ezin sinetsi nabil pandemia (edo sindemia) baten erdian gaudela, orain kasi hamar hilabete etxean sartuta gelditu behar izan genuela gaixotasuna kontrolatzeko, etxeratze agindu horrek orbanez beteta utzi dituela gure bizitzak, eta oraindik ere birus honen eboluzioaren arabera antolatu behar dugula egunerokoa. 

2020 urtea lehenbailehen amaitzea eskatzen duenik ere bada, begizkoa urtearekin batera desagertuko balitz bezala.

Atzera begira jarrita, eta gertatutakoaren alderdi positiboan arreta jarri asmoz, hainbat oroitzapen datozkit burura: eskulanak eta denbora-pasak, etxeko txoko ezberdinetan emandako denbora, ogia egin genuenekoa, leihotik begira deskubritutakoak, auzokoekin partekatutako momentuak… eta Internet. 
Pandemia aurretik Interneten eta teknologia berrien erabilera etengabea bazen ere, etxean sartuta gelditu ginenean nabarmen areagotu zen horien erabilera: bulegoko lana eta eskolako lanak etxetik egiten zebiltzan familiak, bideodeietan murgilduta, pantaila aurrean orduak igarotzen; orokorrean, pantailek hartu zuten protagonismoa. Ez naiz sartuko inolako xextran, ea neurriz erabili eta erabiltzen ote ditugun eztabaidatzen; argi daukadana da egoera gaizto honek berrikuntzan eta teknologia berrietan eragina izan duela.

Elhuyarren, esaterako, eskaintzen ditugun zerbitzu batzuen eskariak nabarmen egin dute gora: telebista eta bestelako medioetan sarritan atera gara gaitzari buruzko argibideak ematen, betiere, modu dibulgatzailean; hizkuntzarekin lotutako teknologien erabilerak ere gora egin du, eta horien adibide dira Elhuyar hiztegien webguneak (hiztegiak.elhuyar.eus) eta Itzultzailea.eus webguneak izan duten erabileraren gorakada. 

Teknologia horiez gain, badira gehiago zabaldu direnak ere: derrepentean ikasi dugu guztiok bideodei bat zer den, eta gure gertukoekin komunikatzeko erabiltzen. Mugikorretik, tabletatik nahiz ordenagailutik izan, gutxi dira asmakizun hau erabili gabe gelditu direnak. Eraldaketa digital batean murgildu gara bat-batean, inolako planifikaziorik gabe; prest egon gabe. Bizimodua aldatu zaigu, eraldatu zaigu, eta teknologiaz haratago ere badoa kontua. 

Lan mundua humanizatu dela uste dut. Lan eremu guztietan ez zen gertatuko akaso, baina orokorrean iruditzen zait ikasi dugula langileok lanaz aparte oso bizimodu ezberdinak ditugula: lankide bakoitzak etxean egoera ezberdin bat duela, pertsona horiekin lan egin behar dugunean ulertzen saiatu behar duguna. 

Orain arte ere halako bizitza izango zuen, ziur, baina ez dugu hain nabarmen ikusi, eta ez gara ingurukoen lekuan jarri. Ez al du gaitz honek enpatia hori lantzea ekarri? 

Gizarte mailako eraldaketa ekarriko du COVID-19ak: orain arte bizi izandakoak dagoeneko marka utzi du, eta aurrera begira jartzen naizenean ere gizarte berri bat ikusten dut. 

Ziur pasatakoak zer ikasia eman digula dagoeneko, momentu honetan ere ikasten gabiltzala, eta etorkizunera begira ikasten jarraituko dugula. Hortxe, eraldaketa.web.

Ekaitz Etxezarreta: 'Krisia/Aukera= Krisaukera'

Historialaria eta musikaria

Gure hizkuntzaren hiztegi akademikoak dioen moduan, krisia zerbaiten bilakaeran gertatzen den une edo epe larria da. Esan beharrik ere ez dago horrelako une batean aurkitzen garela, ez? Sekulako grazia ematen dit jendearen oroimen faltak, zelako iraupen laburreko memoria  dugun, arraioa! Txikitatik irakatsi digute gertatzen zaigun guztia baikortasunez hartu behar dugula, bizitza alde onetik begiratu, alegia! Hain zabaldua eta errotua den ideia horrek benetan itsutu gaituela uste dut; gertaera ankerrena sortzeko arrazoi ilunena existitzen dela ere ahaztera eraman gaitu. Gizadiaren atzeragabeko aurrerapen ideologikoaren albo kalte sendaezina ote? 

Bizitzen ari garena gizadiaren historiako katebegi bat soilik besterik ez da, eta historia, jaun-andereok, gerraz, odolez, hildakoz eta miseriaz josia dago, ez sekula ahaztu. Historia ez da amaitu, eta are gutxiago eten, sasi-filosofo hark irristatze hartan esan zuen moduan. Historia inoiz baino eguneratuago eta biziago dago (behar luke).

Euskal Herria osatzen dugun aberkideok ez bagara geure historia egin eta irakasteko gai, finituta gaude; geure historia gure burmuinetan iltzatzeko gai ez bagara, noraezean desagertzera kondenatuak. Historia eta oroimena ez duten herriak ilusioz, edo itxaropen hutsalez elikatzen dira, lilurapenez. Itsututa errepikatzen diogu elkarri everything's gonna be alright, ilusioa izatasunik gabeko irudipena eta irudimenak sorturiko ustea dela ikusi nahi ez dugun bitartean.

Geure herriaren historia behar bezala barneratua izango bagenu, herri hau krisian egon ez den garairik ez dela existitzen jakingo genuke, eta honez gero, geure suntsipena bermatu nahi dutenetatik askatuak ginateke. Baina nahiago dugu geure buruari gezurra esatea, "ez gaudela hain gaizki", "beste batzuk okerrago daudela"... eta abar luze bat. 

Poetagile hark zioen moduan, burujabea denak ez omen du ilusiorik behar... Gu, berriz, ilusioaren alardea goraipatzen duen herrian bizi gara; bere asimilazioa, zatiketa, auto-gorrotoa, eta horrenbestez, bere imolazioa onartu duenean. Tristea benetan. 

Bihur dezagun azken krisi hau aukera, gure nazioak burujabetasuna lortzeko, eta etorkizuneko edonolako larrialdi egoeren aurrean autodefentsa egiturak eraiki ahal izateko. Hautu irmoa aberkideok, bestela, gureak egin du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide