Kukuerri elkarte sortu berriak antolatuta I. Hitzaldi Astea egiten ari dira aste honetan Abaraxka aretoan. Atzo, astelehena, izan zen lehen saioa, eta bertaratu zirenek natura ezkutua ezagutzeko aukera izan zuten Igor Elortza naturazalearen eskutik. Inguruan bizi diren txori eta hegaztiez jardun zuten atzokoan, batik bat.
Lehen Hitzaldi Asteko bigarren saioa izango da gaur, asteartea, 18:00etan hasita, Abaraxka aretoan. Gaurkoan, Munoaundi aztarnategiaz eta han egiten ari diren indusketez ariko da hizlari Antxoka Martinez Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa eta Munoaundiko indusketen zuzendaria. Kultura materiala eta Burdin Aroaren bukaera izenburu hartuta eskainiko du solasaldia Martinezek.
Bihar izango da hirugarren eta azken solasaldia Abaraxkan, eta biharkoan bizikletaren erabileraz jardungo du, Kalapie hiriko bizikleta elkarteko Gorka Hoyosek.