Alberto Martinez: "Gauden egoeran egonda, Bristoletik Euskal Herrirako hegaldiak begiratu ere ez ditut egin"

Nerea Uranga 2020ko abe. 25a, 12:23

Alberto Martinez azkoitiarra bere bikotekidearekin. (Argazkia: Alberto Martinez)

Alberto Martinez (Azkoitia, 1990) Ingalaterrako Bristol hirian bizi da egun. Irailean joan zen hara Bartzelonatik. Gabonetan ez da Azkoitira etorriko, eta bikotekidearen senideekin igaroko ditu. Koronabirusaren bigarren olatua bizitzen ari direla azaldu du Martinezek, "aurrenekoa baino okerragoa izaten ari da".

Pandemia dela eta, nolako egoera bizi duzue gaur egun Bristolen?

Koronabirusaren bigarren olatua okerragoa izaten ari da Bristolen. Ospitalean lanean ari den lagun bat dut, eta orain lehen baino askoz lanpetuago dabiltzala dio hark. Ospitalean langileen falta dute, eta aurreko olatuan baino gaixo edo kasu positibo gehiago artatu behar dituzte orain.

Gaitzari aurre egiteko neurri zorrotzak hartzen ari al dira hor?

Lau gradu daude hemen, eta gradu baten edo bestearen arabera zorrozten dituzte neurriak. Gu bizi garen zonaldean Tier 2 dago. Kalera atera gaitezke erosketak egitera, baina beste guztia itxita dago. Lagunen etxeetara joatea ere mugatuta dago, baina ez nago ziur zenbaterainokoa den hori; uste dut etxetik kanpo sei pertsona elkartzeko aukera dagoela. Beste neurriren batzuk ere izango dira ziurrenik, baina gu ez gara Bristol hiriaren erdialdean bizi eta neurri batzuk ez ditut ezagutzen. Hemen denok etxetik ari gara lanean, eta erosketak egitera bakarrik joaten gara hirira. Londresen, berriz, laugarren graduan daude, eta han ezin dira etxetik irten. Nire arreba han bizi da eta Gabonetako egun hauek guztiak etxean pasatu beharko dituzte.

Aste honetan jakin da nazioartean COVID-19aren aldaera berria aurkitu dutela, tartean, Erresuma Barruan. Horrek zer eragin izan du horko gizartean?

COVID-19aren aldaera berria dela eta, Erresuma Baturako mugak erabat itxi dituzte Frantziak, Herbehereak eta Danimarkak, besteak beste. Frantziatik hona sartzen diren kamioiak ere gelditu egin zituzten, eta hainbat hegaldi gelditu dira bertan behera. Itxura, Espaniak ere mugak itxi ditu Erresuma Batuarekin, baina badut lagun bat orain dela egun gutxi Malagara joan dena. Beraz, harako bidea ez dago guztiz blokeatuta. PCR testa eginda bi egun dituzu bidaiatzeko, baina test horiek nahiko garestiak dira, eta emaitza berandu iritsiz gero hegaldia galtzeko arriskua izan daiteke. Dena den, jendea ari da bidaiatzen eta abioiak hartzen. Italian ere gaitzaren aldaera berria duen kasu bat agertu dela esan dute, eta ikusiko dugu nola garatzen den hau guztia. Itxura onik ez du, ordea.

Aldaera berriaren agerraldia dela eta nolako informazio ematen ari da horko Gobernua?

Esaten dute %70 azkarrago kutsatzen dela COVID-19aren aldaera berri hau, eta horregatik zorroztu dituztela segurtasun neurriak. Horretaz gain, ez dut entzun ezer berririk.

Jendea kezkatuta antzematen al duzu?

Mugen itxieraren ondorioz, produktu batzuk ez direla izango esan zuten. Horren eraginez, berriro panic buying gertatzen ari dela diote. Nik oraindik ez dut ikusi horrelako egoerarik supermerkatuan, baina kezka handia izan zen lehenengo olatuan, eta ez nintzen harrituko egoera errepikatuko balitz. Gaitzarekiko beldurra ere nabari da jendearen artean, batik bat adinekoen eta egoera zaurgarrian daudenen artean. Bestalde, ekonomiaren egoerak ere kezka handia sortzen du, bai eskala handian baita txikian ere. Dagoeneko gure inguruan taberna asko behin betiko itxi dituzte, eta pentsatzen dut toki askotan izango dela antzeko egoera.

Gabonak ez dituzu Azkoitian igaroko.

Gabonak Bristolen pasatuko ditut. Iaz ere hemen pasatu nituen. Gainera, bizi dugun egoerarekin Euskal Herrirako hegaldiak begiratu ere ez ditut egin. Bestela ere prezioak ikaragarri igotzen dira Gabonetarako, eta nahiago izaten dut Azkoitira urtarrilean edota abenduaren hasieran joatea.

Nola pasatuko dituzue Gabonetako egun hauek hor?

Bikotekidearen gurasoekin eta familiako beste kide batzukin igaroko ditugu egun hauek, baina talde oso txikietan elkartuko gara. Pasieraren bat edo beste ere egingo dugu, baina dena oso mugatuta dago hemen. Beraz, beste denak bezalaxe etxean sartuta egon behar!

Azkena noiz izan zenuen Azkoitira etortzeko aukera?

Abuztuan izan nintzen azkena Azkoitian, urtebetean joan gabe egon ondoren. Koronabirusaren aurreneko olatua baretu zenean aprobetxatu genuen Azkoitira bisita azkar bat egiteko. Ez dakit noiz izango dugun berriro Azkoitira joateko aukera. Egia esan, PCR mordoxka bat egin eta gero, hor nahiko mugatuta ibiltzeko gogo handirik ere ez dut. Etxekoak eta lagunak faltan botatzen dira, baina denok ere antzeko egoeran gaude eta hauxe da orain egokitzen dena.

Etxean musika estudio bat muntatuta daukazu. Horretan ari al zara lanean?

Musika estudio txiki bat muntatu nuen bai. Proiektu batzuk egin ditut, baina momentuz musika ikasten eta nire kantu batzuk egiten besterik ez naiz ari. Zuzenekoetan ibili izan naiz orain arte lanean, eta ez dut esperientzia asko estudio munduan. Beraz, lan bila jarraitzen dut hemen, baina gure sektoreak kolpe handia jaso du birusarekin eta ez dago aukera askorik. Ea orain txertoa atera duten honekin, berriro martxan jartzeko aukera dugun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide