Koronabirusaren hedapena neurtzeko datuak kaleratu berri ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Atzo nahiko datu baikorrak izan ziren herrian, ez baitzuten positiborik zenbatu, baina gaurko datuek okerrera egin dute berriro. Izan ere, 26 positibo zenbatu dituzte Urola Kostako herrietan, eta horietatik hamalau Azkoitian. Igoera horrekin, eremu gorrira igaro da Azkoitia, gaur-gaurkoz, 517,14ko intzidentzia tasa baitute herrian. Beraz, hilaren 25ean itxi egingo dituzte Azkoitiko ostalaritza guneak.
Azkoitiaren atzetik, Azpeitian izan dituzte daturik txarrenak: sei positibo zenbatu dituzte han, eta 763,87koa da intzidentzia tasa. Bi herri horiek dira une honetan eremu gorrian dauden eskualdeko bakarrak; gainontzeko herrietan datu hobeak dituzte, baina zenbaitetan azaldu dira positiboak. Hain zuzen ere, bi kasu berri atzeman dituzte Zarautzen –313,29ko intzidentzia tasa dute–, eta positibo berri bana Aizarnazabalen, Errezilen, Getarian eta Zestoan. Aian, Beizaman, Orion eta Zumaian, berriz, ez dute kasu berririk atzeman.
Hego Euskal Herriko datuak ere gora
Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz, Osakidetzak eta Osasunbideak atzo gauzatutako PCR eta antigeno probetan 547 positibo atzeman zituzten, herenegun baino 161 gehiago. Nafarroan 2.103 egin eta 74 positibo zenbatu zituzten, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan proba egin zuten 9.579 lagunetatik 473k eman zuten positibo –Araban 83k, Bizkaian 202k, Gipuzkoan 184k eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste lauk–. Beraz, Hego Euskal Herrian atzo proba egin zuten 9.325 lagunetatik %4,68k eman zuten positibo; herenegundik gora egin du tasa horrek (%4,1).
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 38 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren ondorioz, eta gaur egun 305 dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan diren lagunak; herenegun baino hemezortzi gutxiago. Hiru lurralde horietako ZIUetan dauden pertsonen kopuruak ere behera egin zuen atzo: 86 lagun daude egun unitate horietan, herenegun baino sei gutxiago. Nafarroan, berriz, gaur-gaurkoz 120 pertsona daude ospitaleratuta –herenegun baino 21 gutxiago–, eta horietatik hamazazpi daude ZIUn.