Gabonetara begira duten lanari eusteko indarberrituta atera dira Olentzero, Mari Domingi eta hiru Errege Magoak Azkoititik. Haurrek ilusioz eta maitasun handiz hartu dituzte beren Gabonetako bost protagonistak.
Atzo, astelehena, Olentzeroren bisita izan zuten arratsaldean Floreaga ikastetxean. Ikastetxeko txikienak aretoan elkartu ohi badira ere, aurten, osasun egoeragatik, Olentzero gelaz-gela pasatu da haurrak bisitatzera. Gaur, berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak jaso dituzte Floreagan eta Azkoitian ohikoa den 'Ekarriko, ekarriko' oihuak maiz entzun dira ikastetxeko ataritik.
Xabier Munibe Ikastolara, berriz, gaur goizean joan dira Olentzero eta Mari Domingi. Biak LH3. mailara arte gelaz-gela ibili dira ikasleen eskutitzak jasoz eta era guztietako abestiak entzunez. Aurtengo urteko hainbat pasadizo ere kontatu dituzte elkarren artean.