Kasu positiborik ez eta intzidentzia tasa behera

Julene Frantzesena 2020ko abe. 22a, 13:13

Hego Euskal Herrian behera egin du positiboen kopuruak: atzo proba gauzatu zuten herritarren %4,1ek eman zuten positibo.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Azkoitian ez dute kasu positibo berririk atzeman. Kasu agerraldirik izan ez denez, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasak ere behera egin du, nahiz eta ez da jaitsiera handia izan. 425,39koa zen tasa atzo, eta gaur 417,05era jaitsi da. Eremu laranja izaten jarraituko du Azkoitiak.

COVID-19aren pandemiaren harira, Osakidetza herrikako datuak ematen hasi zenetik positibo kopuru baxuena zenbatu zuten eguna izan zen atzokoa. Izan ere, hiru positibo besterik ez zituen zenbatu atzokoan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan. Dena den, erakundeak ez du jakinarazten herriz herri zenbat proba gauzatzen dituen, eta beraz, ez dago baieztatzerik atzokoa salbuespena izan zen edo joera baten hasiera den.

Hiru positibo horiek Zarautzen eta Zestoan detektatu zituen atzo Osakidetzak; bi positibo eta bat, hurrenez hurren. Gainerako herrietan ez dute kasurik zenbatu, baina hala ere, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak altuak dira hainbat herritan, hala nola Azpeitian (750,58). Herri horretan ostalaritza gune guztiak itxita daude abenduaren 15az geroztik; izan ere, intzidentzia tasak 500eko langa gainditu zuen egun horietan, eta harrezkero izan den positibo kopuruarekin, ez da askorik jaitsi tasa.

Zarautzen ere laranja kolorekoa da intzidentzia tasa –Osasun Sailak kolorezka banatzen ditu herrietako tasak–; hain zuzen ere, 304,71 da hango hamalau eguneko positiboen intzidentzia. Eskualdeko gainerako herrietan positibo kopuru txikiagoa izan da azken asteetan, eta beraz, intzidentzia tasa txikiagoa da.

Hego Euskal Herriko tasa beheraka

Hego Euskal Herrian jaitsiera txiki bat izan du positiboen kopuruak: Osakidetzak eta Osasunbideak atzo gauzatutako PCR eta antigeno probetan 386 positibo atzeman zituzten, herenegun baino 11 gutxiago. Nafarroan 1.665 egin eta 79 positibo zenbatu zituzten, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan proba egin zuten 7.660 lagunetatik 307k eman zuten positibo –Araban 61ek, Bizkaian 141ek, Gipuzkoan 103k eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste bik–. Beraz, Hego Euskal Herrian atzo proba egin zuten 9.325 lagunetatik %4,1ek eman zuten positibo.

Dena den, ospitaleetako egoerak ez du hobera egin azken orduetan. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 53 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren ondorioz, eta gaur egun, 323 dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan diren lagunak. Herenegun baino sei lagun gehiago daude ospitaleratuta, baina egoera duela astebete baino hobea da: orduan 344 lagun zeuden erietxeetan. Hiru lurralde horietako ZIUetan dauden pertsonen kopuruak ere behera egin zuen atzo: 92 lagun daude egun unitate horietan, herenegun baino bost gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako egoeraren gaineko datuak jakinarazi oraindik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide