Jon Unanue Goenatxo III.ak hirugarren egin zuen atzo, larunbata, Aian jokatutako Harri Handien Txapelketan. Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga eta Iñigo Eizagirre izan zituen parez pare, eta lan txukuna eginda, sailkapeneko lehen hiru postuetan sartzea lortu zuen azkoitiarrak.
Harri-jasotzaileek lau lan egin behar izan zituzten: 200 kiloko bolarekin, 150 kiloko kubikoarekin, 175-200 kiloko zilindroarekin nahiz 175-200 kiloko laukizuzenarekin zeinek altxaldi gehiago egin hiru minutuko txandetan.
Lan ia guztietan Aimar Irigoien izan zen nagusi; izan ere, hark 8.100 kiloko altxatu zituen atzokoan, eta berarentzat izan zen txapela. 11. aldiz irabazi du Harri Handien Txapelketa errezildarrak, eta marka horrekin Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a berdindu du.
Bigarren, berriz, Eizmendi sailkatu zen, 7.500 kilo altxatuta, eta hirugarren Goenatxo III.a, 5.350 kilorekin. Alde nabarmena izan zen, beraz, lehen bi sailkatuen eta Goenatxo III.ak altxatutako kilo kopuruen artean. Azkoitiarraren atzetik sailkatu zen Galarraga (4.975 kilo), baita Eizagirre ere (4.200 kilo).