Euskal Herrian bizi den Tahar 20 urteko sahararraren istorioa kontatu du Ekain Albitek Haizearen egia film laburrean. Haren familia Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizi da, eta handik dei bat jasoko du berri txar batekin: aita hilzorian dago. Saharara itzuliko da eta han aurre egingo dio iraganeko oroitzapenei eta kontraesanei.
Film labur hori ikusteko aukera izango da abenduaren 22an, asteartean, 18:30ean, Elkargunean. Emanaldiaren ostean, filmaren ekoizpenaz eta Saharako egoeraz mahai ingurua egingo dute eta bertan parte hartuko dute Albitez gainera, Fatimetu Zenan eta Mariam sahararrek nahiz Darahli elkarteko Samuel Ruizek.
Haizearen egia film laburra Maluta* Filmsek ekoiztu du, eta Zestoako eta Zumaiako udalen, Euskal Fondoaren, Daralhi eta Wadna elkarteen nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Lekeitiko Euskal Zine Bileran epaimahaiaren aipamen berezia jaso du.