Azkoitiko ostalariek protesta egingo dute bihar

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 16a, 15:56

Joan den astean ere auto karabana egin zuten Azpeitiko ostalariek eta horien hornitzaileek.

Joan den astean Azpeitiko ostalari eta hornitzaileek auto karabana egin zuten bizi duten egoera salatzeko eta administrazioei laguntza eskatzeko, eta biharko deitu duten protestara Azkoitiko ostalariak ere batuko dira. 12:00etan abiatuko dira Azpeitiko plazatik.

Garai zailak bizi dituzte ostalariek eta haien hornitzaileek, eta haserre daude. Joan den astean, SOS ostalaritza lelopean, bizi duten egoera salatzeko eta Eusko Jaurlaritzari eta udalari laguntzak eskatzeko auto karabana egin zuten Azpeitiko ostalari eta hornitzaileek. Eta biharko deitu duten mobilizazioan Azkoitiko ostalariak ere parte hartuko dute, Azpeitiko plazan jarri dute hitzordua 12:00etan, eta handik abiatuko dira auto karabanan Azkoitia aldera. 

Haserrea agertzeaz gain, laguntza eskatzeko mobilizatuko dira bihar; izan ere, ostalaritza guneetako langileentzat "ezinbestekoa" da erakundeen laguntza. "Eusko Jaurlaritzari dirulaguntzak indartzeko eta udalei zergak ez ordainarazteko" eskatuko die ostalariek eta hornitzaileek. 

Protestan jarraitzeko asmoa

Biharko mobilizazioa Azpeitiko ostalariek deitutako hirugarrena eta Azkoitikoek parte hartuko duten lehendabizikoa izango da, baina deitzaileek aurreratu dutenez, "egoerak horrela jarraitzen badu" aurrera begira protestan jarraitzeko asmoa dute, eta ez dute baztertu haserre kanpaina abiaraztea ondoko herrietako ostalariekin batera. Dena den, oraindik ez dute ezer zehatzik erabaki.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide