Semaforoa laranjan jarri da Azkoitian, kasu positiboen kopurua gehituta

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 16a, 14:05

Intzidentzia tasak gora egin du Azkoitian eta 300eko langa gainditu du. Ondorioz, eremu laranjara igaro da udalerria. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo zazpi kasu atzeman zituzten Azkoitian. Urola Kostan, guztira, 26 kasu positibo hauteman dituzte; horietatik erdiak Azpeitian.

Azkoitia eremu horitik laranjara igo da, intzidentzia tasak 300eko langa gainditu du. Astelehenean bi kasu positibo atzeman zituzten udalerrian, baina atzo zazpi izan ziren hautemandako kasuak. Ondorioz, intzidentzia tasa 241,89tik 300,28ra igaro da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako PCR eta antigeno probetan 26 herritarrek eman zuten positibo Urola Kosta eskualdean; herenegun baino hogei gehiagok. Azpeitian, Azkoitian, Zarautzen eta Zestoan atzeman dituzte kasu berriak azken orduetan. Eskualdeko udalerrietatik Azpeitia dago eremu gorrian.

Atzoko probetan eskualdean atzemandako kasu positiboen erdiak Azpeitian izan ziren: hamahiru –zazpi izan ziren astelehenean eta hiru igandean–. Hortaz, 650,95eko intzidentzia tasa metatuarekin –571,24koa zen herenegungo datuekin–, semaforoak gorrian jarraitzen du udalerri horretan.

Zarautzen ere, aurreko larunbateko eta osteguneko zenbatekoetatik urrun egon arren, herenegun baino positibo gehiago baieztatu zituzten atzo: lau. Bi emaitza positibo izan ziren astelehenean, eta bost igandean. 339,04ko intzidentzia tasarekin, beraz, oraindik eremu laranjan dago Zarautz.

234,80ko positibotasun tasa du Zestoak eta bi positibo zenbatu zituzten atzoko probetan –bakarra izan zen astelehenean–. Eskualdeko gainontzeko herrietan, ordea, ez zuten kasu berririk hauteman atzo. Dena den, azpimarratzekoa da eremu horian jarraitzen dutela Oriok nahiz Zumaiak, hurrenez hurren, 164,99ko eta 101,78ko intzidentzia tasa metatuak dituzte.

Positiboen kopurua, egonkor

Atzo 13.165 test diagnostiko egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 4.312 gehiago. Hala ere, herenegungo datuekin alderatuta, ez zen gehiegi igo atzemandako positiboen kasua: atzo 582 izan ziren emaitza positiboak; 60 gutxiago herenegun. Hiru lurralde horietan %4,4ko positibotasun tasa da gaur- gaurkoz –4,7%koa zen herenegun–. Atzo Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu gehien, 243; Bizkaian, 231 kasu eta Araban 104.

Hiru lurralde horietan, denera, 58 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta gaurkoz 99 pertsona daude ZIUn. Osasun Sailak adierazi duenez, abenduaren 7tik 13ra artean 99 pertsona zendu dira COVID-19aren ondorioz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide