Nerbio sistemako arazoak gehitzen ari dira azken hilabeteotan bizi dugun egoerak eraginda. Guk gure eguneroko jardunean hala atzeman dugu behintzat. Azkenaldian, gure fisioterapiako eta osteopatiako kontsultan, ohiko arazoez gainera, nerbio sistemakoak ere asko ari gara artatzen. Arazo horiek, batik bat, COVID-19 gaitzak sortu duen egoeraren ondorio izan daitezke. Bizi dugun osasun krisiak eta ziurgabetasunak kezka, urduritasuna nahiz talka afektiboak eta emozionalak eragin ditu jendearengan; ondorioz, nerbio sistema alteratuta atzematen dugu.
Nerbio sistemak gure gorputzean erabateko garrantzia du; izan ere, sistema horrek kontrolatzen du guztia, hala nola giharren tonua, organoen funtzionamendua eta abar.
Alteratuta dagoenean nerbio sistema, giharrek gogortzeko joera hartzen dute uzkurdurak edo kontrakturak sortuz; ondorioz, giharretako eta artikulazioetako minak eta lesioak eragin ditzake. Kasu horietan, pentsa dezakegu arrazoirik ez dugula era horretako lesio bat izateko, ez dugulako esfortzu berezirik edota mugimendu traketsik egin, baina bai minak eta lesioak errazago agertzen dira.
Bestalde, nabarmendu behar den giharretako bat diafragma izenekoa da. Arnasketarako gihar garrantzitsuena da hori, eta pertsona bat estresatuta dagoenean, erraz espasmatzen da. Gihar hori egoera horretan dagoenean hainbat arazo atzeman ditzakegu gorputzean, hona hemen adibide batzuk:
- Bizkarreko mina.
- Arnasa sakon hartzea galarazten du, biriken bentilazio ona sahiestuz.
- Odolaren zirkulazioan eragina dauka.
- Digestioa moteltzearen arduraduna izan liteke.
- Bihotzerrea, urdailean edo hestegorrian nabaritzen den mingostasuna edo garraztasuna, eragin dezake.
Nerbio sistema eta diafragma, biak ala biak, elkarri uztartuta daude; bat egoera okerrean dagoenean, besteak atzematen du hori. Nerbio sistema alteratuta daukagunean, diafragman eragin dezake, alegia.
Nerbio sistemarekin lotuta, azken hilabeteotan, burukominak eta zorabioak dituzten pertsona asko ere ari gara artatzen. Horra hor, nerbio sistema bere onean ez izatearen beste ondorioetako bi ere.
Koronabirusaren ondorioz bizi dugun eguneroko berezi honi errazago aurre egiteko jarraian oinarrizko bi gomendio:
- Egunero lasai egoteko momentu edo denbora bat hartu. Une horretan arnasketa sakonak egin gorputza lasaitzeko.
- Paseoak egin edota bakoitzari egokitutako kirol jarduera bat egin, estresa eta tentsioak kanporatzeko.
Zaindu osasuna!