Errepidean
Goizeko 04:00etan furgonetaren motorra pizten duenean hasten da Jakes Alberdiren lana. Azkoititik Pasaiara joaten da goizero asteartetik ostegunera bitartean, arrainaren bila. Getariako haztegira ere joan ohi da itsaskiak erostera.
Arraina erosten
Portura iritsi bezain laster, ezagunak dituen hornitzaileengana jo du Alberdik, arrainak erosteko edota enkargatuta zituen produktuak hartzeko. Pasaian elkartzen dira hainbat arraindegitako arduradunak. Goizeko ordu txikiak izan arren, kontzentrazioa eta tentsioa nabariak dira portuan.
Organ kargatzen
Lehen arrain piezak eskuratutakoan, autoan berekin eraman duen organ kargatu ditu produktu guztiak. Hainbat joan-etorri egin ditu azkoitiarrak lonjetatik furgonetara bidean.
Enkantean
Itsasoentziek portura ekarritako legatzak ikusi ditu lehenik Alberdik, eta hori egin ondoren, lonjen atzean egin den enkantera joan da. Azkoitian legatzaren eskari handia dagoela dio Alberdik, eta prezio onenaren zain egon ondoren, hainbat ale erosi ditu.
Erositakoa furgonetara
Erositako arrain guztien kaxak autoan kargatzen hasi da pixkanaka-pixkanaka Alberdi. Pasaiako lana amaitutakoan, furgoneta hartu eta Azkoitirako bidea hartu du.
Arraina arraindegira
Arraindegi aurreko kafetegian gosaldu ondoren, furgoneta husten hasi da azkoitiarra poliki-poliki. Guztiak arraindegi barruan utzi ditu.
Mostradorea prestatzen
Arraindegian beste bi langilek ere egiten dute lan, Izaskun Larrañagak eta Nekane Aramendik. Arraina iritsi aurretik mostradorea prestatzea eta arrainak banan-banan han jartzea da beraien lana, eta nola ez, herritarrei arrainak saltzea.
Saltzeko ordua
Heldu da eguneko lehen bezeroa Itziar arraindegira. Alberdik Pasaiatik ekarritako produktu guztien artean aukeratzen nahiko lan izan du.