Ostiraletik igandera 11 positibo baieztatu dituzte herrian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 14a, 13:34

Positibo berrien kopuruak gora egin du Azkoitian: joan den asteburuan hiru zenbatu zituzten, eta oraingoan, zortzi gehiago. Ondorioz, intzidentzia tasak ere gora egin du: 225,21ekoa zen ostiralean, eta 266,91koa da gaur. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Azkoitiak, eremu gorrian sartzea eta ostalaritza ixtea ekarriko lukeen 500eko langatik urrun.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, ostiralaz geroztik 11 kasu positibo atzeman dituzte Azkoitian. Joan den asteburuko emaitzak baino okerragoak dira, orduan hiru positibo besterik ez baitzituzten baieztatu. Ondorioz, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gorantz egin du: 225,21ekoa zen ostiralean, eta 266,91koa da gaur. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Azkoitiak, eremu gorrian sartzea eta ostalaritza ixtea ekarriko lukeen 500eko langatik urrun.

Azkoitian ez ezik, eskualdean ere igoera nabarmena izan du atzemandako positiboen kopuruak. Orotara, 83 lagunek eman dute positibo ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno probetan. Aurreko asteburuan 35 izan ziren, 48 gutxiago.

Azpeitian eta Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 33 Azpeitian –hamahiru ostiralean, hamazazpi larunbatean eta hiru igandean– eta 24 Zarautzen –bost ostiralean, hamalau larunbatean eta beste bost igandean. 571,24ko intzidentzia tasa metatuarekin, eremu gorrira igaro da Azpeitia –ostiralean 405,18koa zen tasa–. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak aurreko astean indarrean sartutako neurri eta irizpide berrien arabera, bihar Azpeitiko ostalaritza lokalek ateak itxi beharko dituzte, 500eko langa gainditu baitu herriko positibotasun tasak. Jaurlaritzak ostegunean berrikusiko du Azpeitiko egoera.

Zarautzen ere kolorez aldatu da semaforoa: 360,50eko positibotasun tasarekin, eremu laranjan sartu da berriz. Osteguneko datuekin, 442,04koa zen zenbatekoa, eta eremu horian zegoen Zarautz.

Orion bost positibo atzeman dituzte asteburuan eta eremu horira igaro da, eta berdin gertatu da Zumaian, ostiraletik igandera bitartean zenbatutako lau kasu berriekin.

Zestoan bi lagunek eman dute positibo asteburuan, eta batek Getarian. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, aldiz, ez dute kasu bat bera ere atzeman.

Kasuek gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Koronabirusa hautemateko 21.975 egin dituzte asteburuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko asteburuko datuekin alderatuta, lurralde historiko guztietan egin dute gora zenbatutako kasu positiboek: 296 izan dira Araban, 658 Bizkaian eta 473 Gipuzkoan. Dena den, ostiraletik igandera artean jaitsi egin da hiru lurraldeei dagokien positibotasun tasa: %7,2koa izan zen ostiralean, %6koa larunbatean eta %6,1ekoa igandean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide