Anaitasunako gizonezkoen taldeak hutsean berdindu du etxean San Ignacioren aurka

Andoni Elduaien 2020ko abe. 13a, 09:58

Anaitasunako jokalariak, jokaldi bat defendatzen. (Argazkia. Joakin Sudupe)

Errege Kopako partidaren atarian, beste berdinketa bat batu zuten Xabier Artetxeren mutilek. Nesken lehen taldeak, berriz, garaipen bikaina lortu zuen Alaves B bigarren sailkatuaren aurka.

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak hutsean berdindu zuen atzo, larunbata, Arabako San Ignacio taldearen aurka. Ostegunean, Txerloian Getaferen aurka jokatuko duen Errege Kopako partidaren aurreko ligako partida izan zuten gorrixek etxean, eta puntu bat batu zuten.

Hasi eta segituan, arabarrek huts eta batekoa egiteko gol aukera garbia izan zuten, baina Mikel Ruiz Anaitasunako atezain zarauztarrak geldiketa ona eginda mantendu zuen atean hutsean. Azken egunetako euri jasen ondorioz, Txerloiako zelaia ez zegoen egoerarik onenean Anaitasunak egin ohi duen jokoa egiteko, eta bi taldeek joko zuzenaren aldeko apustua egin zuten. Hori horrela, Ander Arabaolaza eta Mikel Arzalluz aurrelarien mugimenduak baliatzen saiatu ziren azkoitiarrak.

Aukera gutxiko neurketa izan zen, eta Anaitasunak atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian izan zuen garbiena. Xabi Soraluzek baloia faltatik atzelarien bizkarrean jarri zuen, eta Mikel Arzalluzek errematea gehiegi gurutzatuta, kanpora joan zitzaion baloia. Bigarren zatiak ere lehenaren bideari eutsi zion. Kanpoko taldeak abagune apurren bat edo beste izan zuen aurrea hartzeko, Anaitasunak ere bai bere aldetik, baina proposamen gutxiko neurketan puntuak banatzea egokitu zitzaien bi taldeei.

Neskak, bikain

Nesken lehen taldeak, bestalde, paregabe jarraitzen du. Jokatutako zazpi neurketak irabazi dituzte, atzo azkena. Alaves B sailkapeneko bigarren sailkatuaren aurka jokatu zuten Gasteizen, eta markagailuan bi aldiz atzetik joan baziren ere, irauli eta bi eta bost irabaztea lortu zuten. Oihane Ucin, Leire Ucin birritan, Lorea Rueda eta Ainhoa Galarraga izan ziren golegileak. Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak lider jarraituko du beste aste batzuetan, izan ere bigarren sailkatuari hamar puntuko aldea ateratzen dio gaur-gaurkoz. Urtarrileko bigarren asteburuan itzuliko da liga beraientzat eta Bizkerre taldearen aurka jokatuko dute Txerloian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide