Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohi baino beranduago kaleratu du gaur koronabirusaren egoera epidemologikoaren bilakaera aztertzen duen txostena. Azkoitian kasu positibo bat zenbatu zuten atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno probetan. Azken asteetako hobekuntza berretsi da aste honetan ere, izan ere kasu positiboen agerraldi kopuruak nabarmen egin du behera. Joan den ostiraletik gaur arte bederatzi kasu positibo zenbatu dituzte Azkoitian, azaroaren 27tik abenduaren 4ra baieztatutako kasuen erdia, beraz; orduan hemezortzi kasu detektatu zituzten azkoitiarren artean.
Positiboetan izan den jaitsierak zuzeneko lotura izan du intzidentzia tasarekin. Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko, eta grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke lerro urdinean. Irailaren lehen egunetan hasi zen igotzen intzidentzia tasa, eta bi hilabeteko igoera etengabe baten ostean, azaroaren 9an hasi zen beheranzko joerarekin. Azaroaren 6an jo zuen goia intzidentzia tasak Azkoitian, 1459,67ko zenbatekoarekin.
Poliki-poliki, beheranzko bidea hartzen hasi zen tasa. Duela hiru aste, 967,55koa zen intzidentzia tasa, eta duela bi, 809,07koa. Aurreko ostiralean, berriz, 508,80koa da intzidentzia tasa. Astelehenean lortu zuen herriak 500eko langatik jaitsi eta eremu 'gorria' izateari uztea. Beheranzko joera horri eutsi dio Azkoitiak azken egunetan ere, eta eremu laranjatik pasatuta, eremu horia da gaur-gaurkoz Azkoitian, 225,21eko intzidentzia tasarekin.
Datuak gora, eskualdean
Osasun Sailak eman dituen datuekin, agerraldi kopuruak gora egin du berriz ere Urola Kostan. Azken egunetako datuekin eskualdea egonkortzen ari zela bazirudien ere, beste 34 kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kostan. Joan den asteko ostegunean egindako testetan hamasei positibo zenbatu zituzten. Datu horrekin eta azken egunetako agerraldiekin alderatuta, kasuak bikoiztu egin dira eskualdean.
Hamabost positiborekin, Zarautz da kasu gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria; 274,67koa zen intzidentzia tasa atzo, eta gaur 296,12koa da tasa, atzoko datua baino zertxobait handiagoa, beraz. Haren atzetik dago Azpeitia, hamalau kasurekin. Intzidentzia tasan igoera nabarmena izan dute han, izan ere 365,33ko tasarekin eremu 'laranja' zen Azpeitia atzo. 500eko langa horretara gehiago hurbildu da, eta gaur 438,39koa da tasa.
Kasu kopuru gehien aurkitu dituzten bi herri horien ondoren, Getarian bi kasu zenbatu dituzte, eta Azkoitian bezala bana Zestoan eta Zumaian. Intzidentzia tasari lotuta, gainera, azpimarratu daiteke gora egin duela, Zarautzen eta Azpeitian bezala, Zumaian. Hala eta guztiz ere, ez da igoera esanguratsua izan.
Kasuak gora Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian, berriz, kasuek gora egin dute berriz ere. Guztira 703 kasu zenbatu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 10.656 test diagnostiko egin zituzten, eta, haietatik, 597 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera, 122 kasu hauteman dituzte Araban, 230 Bizkaian, 243 Gipuzkoan; gora egin dute, beraz, kasuek Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi laguni ere detektatu diote positiboa. Nafarroan, aldiz, 1.909 proba egin zituzten, eta horietatik 106 positibo baieztatu dituzte.
Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Osasun Sailak. "COVID-19aren ondorioz" 65 pertsona ospitaleratu ziren atzo. 406 pertsona daude, gainera, Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeren batean ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean (Ziu), 117 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak ere gora egin du hiru lurraldeetan, eta 0,91koa da tasa gaur; Gipuzkoan ere gora egin du, 0,87an kokatzeraino. Nafarroan, berriz, 161 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 21 ZIUn daude.