Gaur ere bi kasu detektatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko abe. 10a, 12:57

Herrian kasu berrien agerraldi kopuruak nabarmen egin du behera. Azken astean hamar kasu zenbatu dituzte. Hego Euskal Herrian, aldiz, 533 kasu positibo baieztatu zituzten atzo.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Azkoitian beste bi kasu positibo zenbatu dituzte gaur ere. Atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno probetan atzeman dituzte bi kasuok. Astebetean hamar kasu zenbatu dituzte, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere behera egiten jarraitzen du. 241,89koa da tasa gaur-gaurkoz Azkoitian; eremu 'horia' izaten jarraitzen du, beraz, herriak.

Eskualdean, bestalde, gora egin dute kasuek. Atzo baino hamar kasu gehiago zenbatu dituzte, hamasei guztira. Azkoitiko bi kasuez gain, beste bost kasu zenbatu dituzte Azpeitian, lau Zarautzen, bina Orion nahiz Zestoan eta bat Aian. Gainerako herrietan ez dute baieztatu kasu berririk. 

Azpeitia da oraindik eremu 'laranja' izaten jarraitzen duen 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri bakarra; intzidentzia tasak behera egin du gaur ere han, baina ez asko. 371,97koa zen atzo azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, eta 365,33koa da gaur.

Zarautzen, berriz, lau kasu atzeman dituzte. Intzidentzia tasak, hala eta guztiz ere, behera egiten jarraitzen du. Oso gutxi jaitsi da han ere kopurua, izan ere, 287,54ko tasa zuen atzo Zarautzek, eta 274,67 du gaur. Orion, aldiz, bi kasu zenbatu dituzte, eta 230,98koa da han tasa. Zumaia da egoera onena duen eskualdeko herria. Azken astean bi kasu besterik ez dituzte zenbatu, eta intzidentzia tasa 81,42koa da; eremu 'berdea' izatera pasatzetik gero eta gertuago dago, beraz, Zumaia.

5.000 biztanletik beherako herrietan, bestalde, Zestoa azpimarratu behar da gaur; 182,62ko tasa du Zestoak. Bi kasu positibo zenbatu dituzte han. Aia da beste kasua baieztatu duten herria, eta 100,10eko intzidentzia tasa du Aiak.

533 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, bestalde, 533 kasu atzeman zituen atzo Osasun Sailak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.767 test diagnostiko egin zituzten PCR eta antigeno proben bitartez, eta horietan 446 positibo baieztatu zituzten. Lurraldeka aztertuta, berriz, Bizkaian baieztatu zituzten kasu gehien: 210 kasu guztira. Gipuzkoan, bestalde, 135 kasu zenbat zituzten eta 99 positibo Araban; gora egin dute positiboek azken lurralde horretan. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bi pertsonak ere eman zuten positibo. Nafarroan, bestalde, 1.670 proba egin zituzten atzo, eta guztira 87 kasu atzeman zituzten. 80 kasuren bueltan dabiltza azken egunetan Nafarroan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeen egoerari erreparatuz gero, ospitaleratzeen kopuruak gora egin du herenegundik. Atzo beste 54 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira 390 pertsona daude "COVID-19a tarteko" ospitalean; ospitaleratzeen datua ere goraka doa azken egunetan. Aldiz, Zainketa Intentsiboen Unitatean dauden pertsonen kopuruak behera egin du, 116 lagun daude gaur-gaurkoz ZIUn. Oinarrizko birskorkuntza tasa edo R0 indizea, 0,86koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Tasa horren kopururik baxuena Gipuzkoakoa da, 0,80ko tasarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide