Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kasu positibo bat hauteman zuen azkoitian atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno probetan. Kasuek nabarmen egin dute behera herrian; azken astean 11 kasu baieztatu dituzte herrian.
Horrekin batera, azpimarratzeko da intzidentzia tasak egun gutxian izan duen beherakada ere. Osasun Sailak atzo jakinarazi zuen Azkoitia eremu gorritik eremu laranjara igaro zela; gaurko txostenaren arabera, berriz, Azkoitia herri horia izatera pasatu da gaur. Izan ere, hamalau eguneko intzidentzia tasa 283,59koa da gaur-gaurkoz herrian; 367koa zen atzo.
Kasuak behera eskualdean
Pandemiaren bigarren olatua ari al da amaitzen? Oraindik birusa gure artean badago ere, datuek itxaropentsu egoteko arrazoiak ematen dituzte. Hala, atzo bederatzi kasu detektatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Urola Kosta eskualdean, eta herri guztietan itzalita dago semaforo gorria.
Zarautzen izan zituzten atzo kasu gehien, sei, eta Azkoitian bezala, Azpeitian eta Orion kasu bana izan zituzten atzo. Eskualdeko beste zazpi herrietan ez zuten positiborik izan. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuei dagokionez, eskualdeko herri guztietan itzali dute semaforo gorria. 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, Azpeitiak eta Zarautzek eremu laranjan jarraitzen dute, eta, Azkoitiarekin batera, Oriok eta Zumaiak horian.
Hego Euskal Herriko datuei so eginez, positibo kopuruak behera egin du. Egia da, era berean, proba gutxiago egin zituztela atzo. Hala ere, 430 positibo zenbatu zituzten lau lurraldetan: 81 Araban, 140 Bizkaian, 145 Gipuzkoan eta 61 Nafarroan. Erietxeen egoerari dagokionez, 542 pertsona daude ospitaleratuta, eta 155 Zaintza Intentsiboko Unitateetan.