Azkoitia eremu gorritik eremu laranjara igaro da. Azken hiru egunetan hiru kasu positibo atzeman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herrian, hirurak ostiralean zenbatu zituzten. Eremu gorritik laranjara pasatzeko funtsezkoa izan da intzidentzia tasak 500eko langatik behera egitea. Joan den ostiralean Osasun Sailak emandako azken datuen ondoren, 500etik gorako tasa zuen Azkoitiak, baina gaur emandako datuen ondoren, Azkoitiko intzidentzia tasa 367koa da.
Osasun Sailak joan den astelehenean –azaroak 30– emandako datuen arabera, azaroaren 27tik egun horretara bitartean sei kasu positibo atzeman zituzten. Datu horiek gaur emandakoekin alderatuta, beraz, kasuak erdira jaitsi dira astebetean. Halere, kasuek gora egiten jarraitzen dute apurka-apurka; lehen kasua Azkoitian zenbatu zutenetik 744 kasu positibo detektatu ditu guztira Osasun Sailak.
Eskualdean 35 kasu
Azkoitiko hiru kasuez gain, Urola Kosta eskualdean beste 32 kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak. Hala eta guztiz ere, herri guztietan behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak. Kasurik gehien zenbatu dituzten herriak izan dira Zarautz eta Azpeitia. Zarautzen hamabost kasu atzeman dituzte; zazpi zenbatu zituzten ostiralean, eta launa larunbatean eta atzo, igandea; 326,17koa da intzidentzia tasa han. Azpeitian, berriz, 11 kasu zenbatu dituzte; bost hauteman zituzten ostiralean, lau zapatuan eta bi atzo. 405,18koa da intzidentzia tasa herri horretan.
Bi herri horien ondoren, Azkoitia izan da hiru positiborekin kasu gehien eman dituen hurrengo herria. Getarian eta Zumaian bina kasu zenbatu dituzte; herri bakoitzean bana baieztatu zuten ostiralean eta larunbatean. Zumaiako intzidentzia tasa, gainera, eremu laranjatik berdera pasatzear da. 60 puntutik beherakoa izan behar du tasak eremu berdera pasatzeko, eta gaur-gaurkoz 91,60koa da zenbatekoa Zumaian. Aian, bestalde, larunbatean hauteman zuten azken hiru egunetako kasu bakarra. Gainerako herri guztietan, aldiz, ez dute kasu bakar bat ere baieztatu.
Hego Euskal Herriko egoera
Hego Euskal Herrian, bestalde, 399 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.223 test egin zituzten, eta horietatik, 315 izan ziren positibo emandakoak. Lurraldeka aztertuta, Araban 49 kasu baieztatu zituzten, 156 Bizkaian eta 106 Gipuzkoan; hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Nafarroan, berriz, 1.077 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 84k eman zuten positibo.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hogei lagun ospitaleratu zituzten atzo, Osasun Sailaren arabera "COVID-19a" dutelakoan. Guztira 326 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta; Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta, bestalde, 131 pertsona daude, gaur-gaurkoz. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, 0,90ekoa da hiru lurralde horietan. Gipuzkoak du indize horren tasa baxuena; 0,83koa da lurralde horretan.