Euskaraldia 2020

"Esperientzia oso ona izan da Euskaraldian parte hartzea"

Nerea Uranga 2020ko abe. 4a, 18:03

Euskaraldian parte hartu dute Carlos Gil (1963, Buenos Aires, Argentina) eta Zineb Zrouki (2003, Marrakex, Maroko) azkoitiarrek. Carlos Gil belarriprest rolean aritu da eta Zrouki ahobizi rolean. Euskaraldiak iraun duen hamabost egunen balorazio positiboa egin dute, eta bien asmoa egunero euskaraz hitz egiten eta ikasten jarraitzea dela azaldu diote Maxixatzen.eus-i.

Carlos Gil, belarriprest:

"Euskaraldikoa esperientzia oso ona izan da. Euskaraldian parte hartzea erabaki nuen, euskara entzutea komeni zaidala iruditzen zaidalako, hor hutsunea dudala uste dut. Hala ere, Euskaraldian belarriprest txapa soinean urrats bat aurrera egin dudala uste dut, erosketak egitera joan naizenetan euskaraz hitz egitera ausartu naiz. Harategira joan naizenean ere, euskaraz egin dut eta hala hitz egin didate niri ere. Entzumena lantzeko egunero ETB ikusten dut. Euskaraldia gaur bukatuko da, baina egunero euskaraz hitz egiten eta ikasten jarraituko dut. Oraingoan belarriprest izan naiz, eta hurrengoan ahobizi izateko lan egin egingo dut".

Zineb Zrouki, ahobizi:

"Euskaraldian ahobizi gisa oso ondo moldatu naiz. Esperientzia oso ona izan da, eta oraingoan ahobizi izan banaiz, hurrengo Euskaraldian ere hala izango naiz; izan ere, euskara ikasteko denbora gehiago izango dudalako. Eskolan, kalean eta lagunartean euskaraz egin dut eta hala egiten jarraitzeko asmoa dut, gainera. Etxean, ahizparekin ere hala hitz egiten dut batzuetan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide