500eko langatik jaistetik gertu da Azkoitiko intzidentzia tasa

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 4a, 13:27

Nabarmen hobera egin du Azkoitiko egoerak azken astean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, atzo bi positibo baieztatu zituzten herrian, eta hemezortzi izan dira azken zazpi egunotan. Joan zen ostiralean, 43 ziren astebetean zenbatutako positiboak, eta, beraz, erdira jaitsi dira kasuak. Positiboen kopuruak gutxitu izanaren eragina antzematen da intzidentzia tasaren bilakaeran ere: duela astebete 809,07koa zen intzidentzia tasa, eta, gaur-gaurkoz, 508,80koa.

Azken astean hobera egin du Azkoitiko egoerak; hori berresten dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratutako datuek. Atzo bi positibo baieztatu zituzten herrian, eta hemezortzi izan dira azken zazpi egunotan. Joan den astekoa baino kopuru txikiagoa da hori: izan ere, orduan 43 ziren astebetean zenbatutako positiboak. Azken zazpi egunetan, 2,57 lagunek eman dute positibo, batez beste.

Positiboetan izan den jaitsiera hori islatzen du intzidentzia tasaren bilakaerak ere. Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko, eta grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Ikasturtea hastearekin batera igotzen hasi zen herriko intzidentzia tasa ere, eta azaroaren 6ra arte maldan gora jarraitu zuen, atsedenik gabe. Orduan jo zuen goia, 1.459,67ra iritsita, eta kosta egin zitzaion beheranzko bidea hartzea. Hala ere, beheranzko joera horri eutsi dio Azkoitiak, eta astez aste hobetzen ari da egoera: duela bi aste, 967,55koa zen intzidentzia tasa, eta duela astebete, 809,07koa. Gaur-gaurkoz, 508,80koa da intzidentzia tasa, eta, beraz, 500eko langatik eta semaforo gorriaren izendapenetik jaisteko ez zaio asko falta Azkoitiari.

Eskualdean ere, egonkortzeko joera

Azkoitian ez ezik, eskualdean ere egonkortzera egin du egoerak azken astean; pandemiaren bigarren olatua ari da pixkanaka indarra galtzen. Osasun Sailak emandako datuen arabera, hamasei kasu zenbatu zituzten atzo Urola Kostan, bezperako kopuru bera.

Sei positiborekin, Azpeitia da kasu gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria; 431,75ekoa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz herri horretan. Haren atzetik dator Azkoitia, bi kasurekin. Zarautzen, lau kasu baieztatu dituzte –360,5eko kasu metatuen tasa du herri horrek–, bi Getarian, eta pandemia hasi zenetik lehendabizikoz kasu bat atzeman dute Beizaman. Eskualdeko beste sei herrietan ez dute positiborik zenbatu.

Hego Euskal Herrian, dezente egin du behera positibo kopuruak: herenegun 743 positibo baieztatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 602 atzo. Era berean, beste 40 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietan atzo, eta guztira, 335 lagun zeuden Osakidetzaren erietxeetan; ZIUn, berriz, 129 pertsona zeuden ospitaleratuta. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide