Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak antolatuta, datorren ostegunean, abenduak 10, Orientazio sexualen eta Genero identitateen (OSGI) gorroto delituei begirada orokorra egingo diete Azkoitiko Elkargunean. 18:30ean hasita Oteiza aretoan dokumentala emango dute lehenik eta eztabaida egingo dute gero.
Dokumentalean, sexu orientazio eta genero identitateagatik gertatzen diren gorroto-delituei aurre egiteko estrategiak zein diren aipatzen dituzte; hots, ikerketan jasotako ondorio azpimarragarrienak laburbildu dituzte eta, bide batez, hainbat testuingurutan LGTBI pertsonek bizi duten errealitatea azaleratu. Era berean, OSGI gorroto delituen begirada zabalago bat eskaini nahi izan dute, esperientzia pertsonal zein kolektiboetan oinarritzen diren bizirauteko ekintzetan, aurre egiteko mekanismoetan eta eraldatzeko estrategietan ikuspuntua jarrita.