Beste bost kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Amaia Urbieta 2020ko abe. 1a, 15:10

Aurreko astelehenean baino bost kasu gutxiago zenbatu zituen atzo, astelehena, Osasun Sailak. Intzidentzia tasak mantso bada ere behera egiten jarraitzen du herrian, baina semaforo gorrian dagoen eskualdeko bi herrietako bat da Azkoitia.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, PCR eta antigeno probetan bost positibo berri atzeman zituzten atzo Azkoitian, aurreko astelehenean baino sei gutxiago –11 zenbatu zituzten joan den astelehenean–; azken zazpi egunetan, guztira 23 positibo zenbatu dituzte herrian. Martxoan lehen kasua agertu zenez geroztik, berriz, 734 azkoitiarrek eman dute positibo PCR edo antigeno probetan.

Mantso bada ere, gaitzaren hedapenaren bigarren oldarraldia beheranzko bidean da. Hala eta guztiz ere, Azkoitiak, semaforo gorrian jarraitzen du oraindik ere. Osasun Sailak jakinarazi duenez, 750,69koa da gaur-gaurkoz intzidentzia tasa herrian.

Eskualdean ere egonkortzen

Urola Kosta eskualdean ere egonkortzen ari da koronabirusaren eragina. Azkoitiko bost kasuez gain, beste hamazazpi kasu berri atzeman zituzten atzo eskualdean; hain zuzen ere, duela astebete atzemandako kopuru bera bera baieztatu ditu Osasun Sailak Urola Kostan. Duela aste batzuetatik hona jaitsiera nabarmena izan da eta, azken egunetan, zifrek mantentzera edo jaistera egin dute.

Ia hilabete eta gero Azpeitian 500etik jaitsi da COVID-19aren 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia metatuaren tasa; 491,53 zen tasa han. Intzidentzia tasa 500dik gora mantendu da herrian urriaren hasieratik; hil horren 6an zenbatu zuten atzo arte azken aldiz 500dik beherako kopurua (332,12). PCR eta antigeno probetan lau positibo berri atzeman zituzten atzo Azpeitian. Hori horrela, argi gorritik laranjara pasatu da Azpeitia

Azpeitiarekin batera, Zarautz da argi laranja duen eskualdeko beste herria. Aurreko astelehenean jaitsi zen hango intzidentzia tasa 500etik, eta azken datuen arabera, 381,96ko intzidentzia tasa du orain. Gertuago dago, beraz, argi horitik, gorritik baino. Sei kasu berri atzeman zituzten atzo Zarautzen.

Zumaiaren kasuan, duela aste batzuk ia 2.000ko intzidentzia tasa izatetik, 162,85ekoa izatera igaro da. Dena den, azken aste osoan gehienez ere kasu bakarra atzeman dute egunero, eta atzo hiru izan ziren atzemandako kasu berriak. Azkoitiarekin batera, txanponaren beste aldean dago Orio ere; semaforo gorrian jarraitzen dute han ere. Bi kasu atzeman zituzten atzo Orion.

5.000 biztanletik beherako eskualdeko herriei dagokienez, apalak dira oso horietan atzemandako kasu berriak: Getarian eta Zestoan kasu bana zenbatu dute, eta gainontzeko herrietan ez da egon positibo berririk.

Positibotasun tasa eta ospitaleratzeak, behera

Hego Euskal Herrian 10.145 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 555ek eman zuten positibo. Azken datuen arabera, positibotasun tasa puntu bat baino gehiago jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; %6,9tik %5,6ra. Nafarroan, berriz are baxuagoa da tasa: %4,8. Bizkaian 222 kasu baieztatu zituzten atzo, Gipuzkoan 186, Araban 71 eta Nafarroan 69.

Gaur-gaurkoz, koronabirusarekin lotutako arrazoiengatik 371 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; horietatik 131 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Atzo 42 ospitaleratze berri izan baziren ere, ospitalean dagoen jende kopuruak nabarmen egin du behera, atzo 418 baitziren ospitaleratuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide