Azken minutuetan partidak ihes egin dio Anaitasunari

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 30a, 10:59

Anaitasunako lehen taldeak Santurtzirekin neurtu zituen indarrak larunbat arratsaldean Txerloian. Azkoitiarrek partida bideratuta izan zuten arren, azken hiru minutuetan bi gol egin zituzten bizkaitarrek, eta hirunako berdinketarekin bukatu zen norgehiagoka.

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailako zazpigarren jardunaldia jokatu zuen larunbatean, etxean, Santurtziren aurka. Aurreko astean Lagun Onaken kontra irabazita, bolada onari eustea zen Xabier Artetxeren mutilen helburua, eta gogotsu atera ziren zelaira. Baina partida hasi eta berehala maldan gora jarri zitzaizkien gauzak, seigarren minutuan gorrixen atea zulatzea lortu baitzuten santurtziarrek. Korner batean egin zuten gola.

Partida osoa aurretik izanda, lanari ekin zioten azkoitiarrek, eta laster iritsi zitzaien saria: hemeretzigarren minutuan berdinketaren gola egin zuen Axik. Handik aurrera, aurretik jartzeko aukera bat baino gehiago sortu zituzten etxekoek. Mikel Arzalluzek pare bat abagune izan zituen eta Mikel Aramendik ere bai besteren bat. Atsedenaldira banakoarekin iritsi ziren, baina zelaian Anaitasunakoak ziren nagusi.

Bigarren zatian are oldarkorrago zelairatu ziren etxekoak, gogor estutu zituzten santurtziarrak, eta 60. minutuan bigarren gola egin eta aurretik jartzea lortu zuten. Taldean egindako jokaldi batetik etorri zen saria: Mikel Arzalluzek egindako erdiraketa Mikel Aramendik jaurti zuen sarera.

Markagailuari buelta ematea lortuta, gustura ziren Anaitasunako mutilak, baina ez zioten lan egiteari utzi, eta hamahiru minutura, 73.ean, hirugarrena egitea lortu zuten. Mikel Aramendik eskuin hegalean jokaldia egin zuen, pasea atzera, eta Xabik gola. 

Ustez partida bideratuta zuten azkoitiarrek, eta horrelakoetan ohikoa den gisan, azken minutuetan hainbat aldaketa egin zituzten; partidaren bukaerara hiru eta batekoarekin iristea zen helburua. 90. minutuan, baina, bigarren gola egin zuten santurtziarrek, eta luzapenean zirela, 93.ean, hirugarrena. Horrela, partidan osoan nagusi izan arren, hiru puntuek eskuetatik ihes egin zieten Artetxeren mutilei, eta sailkapeneko zazpigarren postuan daude orain, bederatzi punturekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide