Positibo gutxiago atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 29a, 13:49

Nabarmen egin du behera positiboen kopuruak Hego Euskal Herrian. Bezperan baino 142 gutxiago detektatu dituzte. Kontuan hartu behar da, baina, bezperan baino proba gutxiago egin dituztela. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 512 positibo zenbatu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bezperan atzemandako datuekin alderatuta 106 kasu gutxiago dira –618 kasu zenbatu zituzten ostiralean–, baina kontuan hartu behar da proba gutxiago egin zituztela aurreko egunarekin alderatuta: 9.268 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, ostiralean baino 2.335 gutxiago. Hori dela eta, positiboen tasa bezperakoa baino zertxobait handiagoa da: % 5,5.

Lurraldeei dagokionez, Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin dute datuek, eta gorantz Araban. Bizkaian detektatu zituzten atzo positibo gehien, 217 –ostiralean baino 92 gutxiago–; Gipuzkoan 209 positibo izan ziren –bezperan baino 24 gutxiago–; eta Araban 81 –aurreko egunean baino zortzi gehiago–. Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren pertsonen bost kasu ere izan zituzten atzo. 

Beste 27 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzeko ospitaleetan; Zaintza Intentsiboko Unitateetan dauden pertsonak, aldiz, 132 dira. 

Nafarroago Gobernuak sare sozialen bidez aurreratutako datuek diotenez, 68 baieztatu zituzten atzo Nafarroan egindako 1.369 PCR eta antigenoen probetan. Positibitate tasa % 5ekoa da. Ospitaleratutakoen berririk ez du eman oraingoz Nafarroago Gobernuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide