Euskaraldia 2020

Euskaraldiko lehen asteari errepasoa

Nerea Uranga 2020ko aza. 27a, 12:00

Euskaraldian parte hartzen ari diren bi azkoitiar dira Carlos Gil (1963, Buenos Aires, Argentina) eta Zineb Zrouki (2003, Marrakex, Maroko). Gil belarriprest rolean ari da parte hartzen eta Zrouki ahobizi rolean. Euskaraldiaren lehen astea igaro denean, astebetean izandako bizipenak kontatu dituzte Maxixatzen.eus-en.

Carlos Gil, belarriprest:

"Astebete honetan ez naiz jende askorekin egon; bizi dugun egoera tarteko, saihestu egiten baitut jende askorekin egotea. Dena den, aurreneko aste honetako esperientzia ona izan da belarriprest gisa. Denda edo toki desberdinetara joatea egokitu zaidanean, soinean daramadan txapa ikusi eta euskaraz zuzentzen zaizkit. Hori oso ondo dago; azkenean, guk nahi duguna da jendeak guri euskaraz hitz egitea. Beraz, eskertzen dut jokaera hori. Aurreko batean gertaera bitxi bat izan nuen: industrialde batera joan nintzen, pabilioi batera joan behar nuelako. Nik, ordea, pabiloiko okerreko atean jo nuen, eta emakume batek ireki zidan atea. Soinean naraman belarriprest txapa ikusita, nirekin hizketan hasi zen, eta euskara ikasten aurrera jarraitzera animatu ninduen. Oso polita da hori".

Zineb Zrouki, ahobizi:

"Euskaraldian ahobizi gisa oso ondo moldatzen ari naiz. Eskolan, kalean eta toki guztietan euskaraz hitz egiten dut beti. Batxilergoa ikasten ari naiz, eta han lanak-eta dena euskaraz egiten ditut. Urtebete pasatxo da Azkoitira bizitzera etorri eta euskaraz ikasten hasi nintzela, horregatik pixka bat zaila egiten zait dena euskaraz ondo egitea. Hala ere, saiatzen ari naiz eta horretan jarraitzeko asmoa dut".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide