Beste hiru positibo atzeman dituzte Azkoitian

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 26a, 13:43

Poliki, baina beherantz doa herriko intzidentzia tasa. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, 825,76 da hamalau eguneko 100.000 biztanleko positiboen kopurua. Atzoko hiruekin, 43 dira astebetean herrian baieztatu dituzten positiboak.

Atzo Azkoitian beste hiru positibo baieztatu zituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Horiekin, denera 43 dira azken zazpi egunotan zenbatutakoak. Badira batzuk, baino izan dira askoz aste beltzagoak. Ondorioz, intzidentzia tasak beheranzko joerari eusten dio, nahiz eta oso poliki ari den jaisten. 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen kopurua 825,76 da gaur, eta 1.162,40 zen duela astebete.

Eskualdean ere beheranzkoa da joera, baina mantso doa kontua. Positiboen kopurua apalduz doa pixkanaka. Atzo beste 23 positibo baieztatu zituzten Urola Kostan, asteartean baino sei gutxiago eta astelehenean baino bat gehiago.

Eskualdeko zazpi herritan detektatu dituzte positiboak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Zarautzen eta Azpeitian izan zituzten atzo kasu gehien: zazpi eta sei, hurrenez hurren; Azkoitian eta Orion hiruna kasu gehitu zituzten, bi Aian, eta bana Getarian eta Zumaian. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez zituzte positiborik izan asteartean. 

Urola Kostako hiru herritan jarraitzen du semaforo gorriak piztuta, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak behera egin badu ere. Azkoitiak –825,76ko intzidentzia tasarekin–, Azpeitiak –664,23koarekin– eta Oriok –956,94koarekin– jarraitzen dute gorriz margotuta. Zarautzen kasuek gora egin badute ere, 416,29ko kasu metatuen tasa du eta laranja koloreko semaforoa du. Horira jaitsi da Zumaia eta 213,74ko intzidentzia tasa zuen atzo. 

Hego Euskal Herrian zertxobait gora

Positiboen kopuruak zertxobait egin du gora Hego Euskal Herrian. 807 kasu izan ziren herenegun: 666 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 141 Nafarroan. Bezperan 797 positibo detektatu zituzten lau lurraldeetako datuak batuta.

10.881 PCR eta antigenoen proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, esan bezala, 666k eman zuten positibo, egindako proben %6,1ek. Gipuzkoan izan ziren asteartean positibo gehien –288 kasu–; Bizkaian 258 eta Araban 110. Hiru lurraldetatik kanpoko hamar pertsonak ere positibo eman zuten egun horretan. Intzidentzia tasa 600etik jaitsi da, eta 570,29koa zen herenegun.

Osasun Sailaren arabera, 403 pertsona zeuden ospitaleratuta egun horren amaieran, hauetatik 134 Zaintza Intentsiboko Unitateetan. Asteartean 57 lagun eraman zituzten erietxeetara COVID-19agatik. 

Nafarroan, berriz, 141 kasu positibo izan zituzten asteartean, egindako 3.248probatan. Hiru heriotza ere izan zituzten lurralde horretan COVID-19ak eraginda.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide