Euskaraldia 2020

Bakarrizketa saioa eta hitzaldia antolatu dituzte udalak eta euskara mahaiak Euskaraldiaren harira

Andoni Elduaien 2020ko aza. 27a, 08:00

Torregarai eta Martiarena. (Argazkia: Ion Markel Argazkiak-Tolosaldeko Ataria)

Astelehenean, 'Bakean dagoena, bakean utzi' bakarrizketa saioa izango da Baztartxon, eta asteazkenean, Jon Maiaren hitzaldia, Elkargunean.

Azkoitiko Udalak eta euskara mahaia Euskaraldiaren baitan bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, datorren astelehenean –azaroak 30–, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek aurkeztutako Bakean dagoena, bakean utzi emanaldia ikusteko aukera egongo da, Baztartxon. 12:30ean izango da bi emakumeen saioa, eta sarrera doakoa izango da; ikus-entzuleak iritsi ahala antzokira sartzen joango dira. Martiarenak eta Torregaraik elkarrekin jositako sei bakarrizketa aurkeztuko dituzte Azkoitian. Euskara eta generoa umoregai hartuta, euskalkiak, onomatopeiak, amatasuna, gorpuztasuna eta kristalezko sabaia izango dituzte hizpide, besteak beste, ordubete inguruko emankizunean. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez zirikatuko dituzte ikus-entzuleak.

Abenduaren 2rako, bestalde, Jon Maia bertsolariaren hitzaldia antolatu dute udalak eta euskara mahaiak. Elkargunean izango da Maiaren solasaldia, 18:00etatik aurrera. 'Extremaduratik bertsolaritzara berriak jaio ginen' izenburupean arituko da bertsolaria. Hain zuzen ere, 80ko eta 90eko hamarkadetan bertsolaritzan izandako eraberritze prozesuaren argazki pertsonala bildu zuen bertsolariak Berriak jaio ginen liburu autobiografikoan, eta hari buruzko gogoetak egingo ditu Azkoitian.

Jon Maia bertsolaria. (Argazkia: baleike.eus)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide