Euskaraldiak izen-emate epea azaroaren 24ra luzatu zuen joan den astean, eta azken egun hauetan izena eman dutenek eta aurrez jaso ez zutenek txapa jasotzeko aukera izango dute bihar, azaroak 24. Torrezurin eskuratu ahal izango dira ahobizi eta belarriprest txapak 17:30etik 19:30era bitartean.
Halaber, Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, Herritarren Arreta Bulegoan ere eska daiteke txapa udala irekita dagoen egunetan eta orduetan, alegia, astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:30era artean. Orain arte, 1.913 lagunek eman dute izena Euskaraldian Azkoitian. 2018. urtean, 2.116 azkoitiarrek parte hartu zuten ariketa sozialean.
Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak ere egun horretan bertan egingo du Euskaraldiko banderolen banaketan. Maxixatzeneko bazkide direnek eta Euskaraldian izena emanda daudenek Euskaraldiko banderola doan jaso ahal izango dute, Torrezurin.