Juaristi ISBk 70-62 irabazi dio Aquimisa Carbajosari

Andoni Elduaien 2020ko aza. 23a, 07:57

Atsedenaldira 31-31 iritsi ziren bi taldeak, baina neurketako azken bi laurdenak irabazita, denboraldiko bosgarren garaipena lortu zuen Iñaki Jimenezen taldeak.

Juaristi ISBk 70 eta 62 irabazi zion atzo, igandea, Salamancako (Gaztela eta Leon, Espainia) Aquimisa Carbajosa taldeari. Azpeitiko kiroldegian jokatutako partidan, Kevin Buckingham nabarmendu zen hamazortzi puntu eta 22 puntuko balorazioa eskuratuta. Ibon Guridi azpeitiarrak ere hamabi puntu saskiratu zituen, eta 19ko balorazioa lortu zuen.

Talde bisitariak lau laurdenetatik lehena irabazi zuten soilik; 20 eta 21 amaitu ziren lehen hamar minutuak. Bigarren laurdena puntu gutxikoa izan zen. Juaristi ISBk 11 puntu saskiratu zituen eta bat gutxiago Salamancako taldeak, hamar. Atsedenaldira, beraz, 31na iritsi ziren bi taldeak.

Bigarren zatian, ordea, nagusi izan zen ISB. Hirugarren laurdenean hamazazpi puntu egin zituen etxeko taldeak, eta hiru gutxiago Aquimisa Carbajosak. Hiru puntuko zulotxoa irekita ekin zion Juaristi ISB azken laurdenari, eta bideratuta zuen garaipena ixtea lortu zuen azken hamar minutuak agortu aurretik. 22 puntu eskuratu zituen Juaristi ISBk azken laurdenean, eta hamazazpi salamancarrek. Amaieran, 70 eta 62, garaipena etxeko taldearentzat.

Juaristi ISB sailkapeneko bigarrena da orain bere multzoan, jokatutako sei jardunaldietatik bost irabazita. Hurrengo partida abenduko lehen asteburuan jokatuko du Juaristi ISBk. Marbellan (Andaluzia, Espainia) arituko da orduan, beren multzoan neurketa gutxien jokau dituen C.B. Marbella taldearen aurka.

Euskaraldiarekin bat egin zuten bi taldeek eta neurketako epaileek. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide