Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteak Super Astea kanpaina berria jarriko du martxan datorren astean. Azaroaren 23tik 27ra bitartean, Herrixen elkarte barruko saltoikietan erosketak egiten dituzten bezeroek papertxo bat betetzeko aukera izango dute saltokian bertan, eta hori dendako kutxan sartu beharko dute gero.
Merkatari elkarteak jakinarazi duenez, azaroaren 27an, arratsaldean, zozketa egingo dute, eta han elkarte barruko saltoki baten izena aterako dute. Elkarteko arduradunak zozketan ateratako saltokira bertara joango dira segidan, eta dendako kutxan dagoen papertxo bat aterako dute, bezero irabazlearen izena ezagutzeko.
Herrixenek azaldu du "oso garrantzitsua" izango dela azaroaren 27an telefonoari adi egotea, izan ere, irabazleari egun horretan bertan deituko dio merkatari elkarteak, 500 euroko erosketa txartela egokitu zaiola esateko. Irabazleak, azaroaren 28an, larunbata, gastatu beharko du 500 euroko bonoa, gutxienez elkarteko hiru saltoki desberdinetan.