Jose Luis Otamendi (idazlea, Azpeitia)
"Auzolan bat da, hiztun komunitatea ispiluaren aurrera inguratzeko gonbidapen eskuzabala; aho, begi, belarri, keinuei arreta zuzena emanda, ekinean kontzienteki ekitearen garrantziaz jabetzeko bi urtez behingo urtaro aparta".
Xabat Olaizola (eskubaloi jokalaria, Zarautz)
"Euskaraldiak, bat-batean, guztiok bat egiten gaituen ametsa betetzeko bidea erakutsi digu".
Eneritz Arrieta (pilotari ohia, Azkoitia)
"Sorpresa handia izan zen niretzat Azkoitiko hamaikakoaren partaide izateko gonbidapena jasotzea, baina oso gustura gelditu nintzen euskararen alde nire aletxoa jarrita".
Ihintza Elustondo (UKTko kazetaria, Azpeitia)
"Euskaraz bizi gara, euskaraz pentsatzen eta sentitzen dugu, eta uste dut ezinbestekoa dela informazioa euskaraz jasotzeko aukera izatea. Arlo guztietan geure hizkuntzan aritzea zeinen garrantzitsua den jabetzeko balio izan zuen Euskaraldiak, eta bide beretik urratsak egiten jarraituko dugu".
Marimar Manterola (Merkatu Plazako ekoizlea, Zarautz)
"Lurra da bizitza, eta euskara, hitza. Gurea delako, hobe hitz egitea. Ez galtzeko, aritu, bizirik manten dezagun".
Sara Rubio (euskaltegiko ikaslea, Zarautz)
"Nire bizimodua Euskal Herrian asko aldatu zen Euskaraldiaren lehen edizioan parte hartu ondoren. Orain, euskaraz komunikatzen saiatzen naiz hasieratik, eta behar izanez gero, gaztelaniara pasatu, guztiz eroso sentituz. Ongi etorria sentitzen naiz euskal kulturan".
Luis Arregi (boluntarioa, Azkoitia)
"Beti egin dut euskararen aldeko ahalegina, eta aletxo bat gehiago izan zen Euskaraldiko hamaikakoaren parte izatea. Inoiz ez da gutxi".
Xebero Agirretxe (alkatea, Errezil)
"Errezilen erraza da euskaraz egitea, baina beti egin behar da zertxobait gehiago, eta hori izan zen Euskaraldiko hamaikakoan parte hartzea. Inoiz ez da gutxi!".
Ander Idoeta (Atzegiko kidea, Azpeitia)
"Hitz egin iezadazue euskaraz, ulertzen dut eta hitz egiten dut. Nik ere gehiagorekin eta gehiagotan".