Euskaraldia 2020

Bihar amaituko da Euskaraldian izena emateko epea

Andoni Elduaien 2020ko aza. 18a, 12:20

Bihar arteko epea dago 'ahobizi' edo 'belarriprest' rola aukeratu eta ariketa sozialean izena emateko. Momentuan 1.530 azkoitiarrek eman dute izena.

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa aurten, eta norbanako bezala –'ahobizi' edo 'belarriprest' izanez– parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu arigune rolaren bidez.

Azkoitiko euskara batzordeak jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz 1.530 azkoitiarrek eman dute izena Euskaraldian. Bihar arte, azaroak 19, epea dago bi roletako bat hautatu eta Euskaraldian parte hartzeko. Euskaraldiaren lehen edizioan 2.116 lagunek eman zuten izena Azkoitian. Bien bitartean, Euskaraldian izena emanda dauden herritarrak ari dira pixkanaka-pixkanaka txapak jasotzen.

Izen-ematea

Hainbat modutan eman daiteke izena Euskaraldian: online edo eskuorrien bidez. Online egitea erabakitzen dutenek, Euskaraldiaren webgunean dute izena emateko formularioa. Horrez gain, herrian zehar zabaldu dituzten karteletan dagoen QR kodea ere erabili daiteke izena emateko.

Eskuorrien bidez izena ematea erabakitzen dutenek, aldiz, Elkargunean eta udaletxean aurkituko dituzte eskuorriak eta kutxak. Papera bete ondoren, kutxan sartu beharko da. Gogorarazi dute, ezinbestekoa dela izena ematen duten herritarrek lege-oharra onartzea. Bestalde, Euskaraldiaren txapa Azkoitian jaso nahi duenak formularioaren udalerria atalean 'Azkoitia' idatzi beharko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide