UKT

Elkarrekin bidea urratzen

Maxixatzen.eus 2020ko aza. 18a, 08:20

Urola Kostako tokiko hedabideona ez da apustu makala izan. Elkarlanaz haratago joan eta bat egitea erabaki dugu, egitura eta lantalde bakar batean antolatuta. Lehen Karkara, Baleike, Uztarria, Maxixatzen, Erlo Telebista eta Urola Kostako Hitza ginenak, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) gara orain. Tokian tokiko markak eta produktuak mantendu dira, herrietako elkarteek ere bizirik jarraitzen dute, baina sei komunikazio proiektu solteren lekuan, komunikazio proiektu sendo bat aurki daiteke orain.

Euskarazko hedabideen loraldia 1980ko hamarkadaren bukaeran eta 1990ekoaren hasieran eman zen Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Urola Kostan ere. Azken mende laurdenean lan ugari eta oparoa egin dute eskualdeko tokiko hedabideek, jende askoren ahaleginari esker. Horren erakusle da herritarren zati handi batentzat tokiko hedabide horiek izatea informazio iturri nagusia gaur egun.

Erraz esaten da, baina eskualdeko tokiko hedabideek 25 urteren bueltan daramatzate informazioa zabaltzen, herritarrak informatzen. Urte guztiotan, baina, aldaketa handiak izan dira bai gizartean, bai komunikazioaren arloan. "Teknologiak etengabeko garapena izan du, eta komunikazioaren digitalizazioak nahiz sare sozialek erabat aldatu dute informatzeko modua. Paperetik Internetera egin zen jauzia duela urte batzuk, eta euskarri berriak ere sortu dira; eta euskarriari lotuta etorri dira behar eta aukera berriak ere”, adierazi du Nerea Uranga Uztarriaren eta Urola Kostako Hitzaren hastapenak ondo ezagutu zituen kazetariak. Dena den, euskarazko tokiko hedabideek egin dute ahalegina egoera berrietara egokitzeko, gurpil horretan sartzeko, eta gaur egun duten hedapena da horren adierazle nagusia.

Hala eta guztiz, eskualdeko herrietan ondo errotuta dauden Urolako Komunikazio Taldeko hedabideek zailtasun nabarmen batekin egin izan dute topo beren ibilbidean: egitura txikiak izanik, beharrei erantzuteko eta aukera berriak aprobetxatzeko nahikoa gaitasun ez dute izan. "Horren eraginez, herrian lortutako erdigunea galtzeko arriskua edo mehatxua agertu da joera berri horien aurrean", azaldu du Gorka Zabaleta Baleikeko sortzaile izanak eta UKTko zuzendari nagusiak.

Nerea Uranga erredaktoreburua

Urteak pasatu ahala jabetu dira Urola Kostako hedabideak: elkarlana da bidea. Banakako txikitasunaren ezinak gainditzeko aukera paregabea da elkartzea. Erronka ere bada; izan ere, gauza bat da elkarlanaz hitz egitea, eta bestea elkarlan hori praktikan jartzea. Hala azaldu du Urangak: "Erakunde bakoitzak bere ohiturak, dinamikak, antolaketa eta abar ditu, eta horiek denak uztartzea lan konplexua da. Denbora eskatzen du halako prozesu bat hasteak: lagun berriak ezagutu, konfiantza giroa sortu, beldurrak eta kezkak uxatu, eskuzabal jokatu... Adostasunerako prestutasunak berarekin dakar amore ematen jakitea".

Urola Kostako tokiko hedabideona ez da apustu makala izan. Elkarlanaz haratago joan eta bat egitea erabaki dugu, egitura eta lantalde bakar batean antolatuta. Lehen Karkara, Baleike, Uztarria, Maxixatzen, Erlo Telebista eta Urola Kostako Hitza ginenak, Urolako Komunikazio Taldea (aurrerantzean, UKT) gara orain. Tokian tokiko markak eta produktuak mantendu dira, herrietako elkarteek ere bizirik jarraitzen dute, baina sei komunikazio proiektu solteren lekuan, komunikazio proiektu sendo bat aurki daiteke orain.

"Egitura bakar batean antolatzeari garrantzia handia eman diogu UKTko kideok; izan ere, egiturak berritzeko, sendotzeko eta profesionalizatzeko bide eraginkorrena horixe dela uste dugu. Lantalde bakarrean biltzeak aurrera begirako ikuspegia landuko duen zuzendaritza taldea osatzeko eta antolatzeko aukera eman du, baita kudeaketa profesionalizatzeko, langileak espezializatzeko eta lana modu eraginkorragoan antolatzeko ere. Horren guztiaren helburu nagusia zera da: herritarrei zuzendutako komunikabideak sendotzea eta garatzea", zehaztu du Zabaletak.

Gorka Zabaleta zuzendari nagusia

Egiturak eta lantaldeak bateratu izanagatik, baina, UKTren helburua ez da herriz herriko produktuak argitaratzeari uztea eta soilik eskualde mailakoak sortzea. Herrietako markak altxorra dira, eta horien gainean eraikiko du kooperatibak aurrera begirako eskaintza guztia. "Aldaketak etorriko dira, formula berriak ere bai, baita tokiko hedabideak batzen dituen marka komuna ere, baina herriz herri sustraitutako proiektuek sendo jarraituko dute. Eta orain arteko gisan, bi izango dira gure egitekoaren ardatzak: tokiko informazioa eta euskara", adierazi du Urangak.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da UKT. Horixe iruditu zaigu egitasmo berriarentzat jantzirik egokiena. Batetik, gure hedabideek elkarteen bidez izan duten izaera sozialari eusteko; eta bestetik, hedabideetako motor izan diren langileek erabakietan parte-hartze zuzena izan dezaten.

Aurrerantzean, informaziorako eta komunikaziorako tresna are indartsuagoa izango dute eskura Urola Kostako herritarrek, herritik eta herriarentzat sortua, komunikazio burujabetza hain estrategikoa bihurtzen ari den garai hauetan. "UKT osatzen dugun sei hedabideok eta langileok pauso bat egin dugu aurrera, eta gure komunitatearen babesa eta erakundeen hauspoa ezinbestekoak izango dira egitasmoak bide oparoa egin dezan", esan du Zabaletak.

Leire Larrañaga publizitate eta zerbitzu arloko koordinatzailea

Sortuta, martxan

"Kooperatiba iazko ekainean sortu genuen Uztarriak, Maxixatzenek, Baleikek, Karkarak, EKT-k (Hitza) eta Infosarek (Erlo Telebista), ia hiru urteko lan prozesu baten ondorioz. Lehen urteko helburu nagusia barne antolaketa izan da, baina eskaintzan ere ikusi dira emaitzak". Hala jakinarazi du Leire Larrañaga UKTko arlo komertzialeko zuzendariak. Izan ere, hainbat produktu berritu egin dira. Beste hainbat aldaketa ere egin dira euskarrietan, baita lan egiteko moduan ere.

UKT talde multimedia bat da; hau da, hainbat informazio euskarritan egiten du lan: papera, Internet eta telebista. Azpeitiko Uztarria, Azkoitiko Maxixatzen, Orioko Karkara eta Zumaiako Baleike aldizkariak hilabetekariak dira, eta eskualde osoko ikuspegia duen egunkari bat ere kaleratzen du kooperatibak: Urola Kostako Hitza. Horiek guztiek webgune bana daukate, eta Zarautzen ere bada atari digitala: Zarauzkohitza.eus. Gainera, eskualdeko telebista bakarra ere UKTrena da: Erlo Telebista.

Lan egiteko moduan, ekoizpenean, eman da aldaketa handiena, Aiora Larrañaga Orioko erredaktoreburuaren ustez: "Formatuz aldatu dira Karkara, Maxixatzen eta Uztarria aldizkariak. Gaur egun denak antzeko formatuan argitaratzen dira, tokian tokiko errealitatera eta gaietara moldatuta, baina lau hilabetekariak edizio sistema profesional berarekin egiten dira. Gainera, egiteko moduan ez ezik, mamian ere jarri da arreta azken hilabeetan, eta hainbat atal aldatu eta osatu egin dira".

Andoni Elduaien kazetaria

Interneten ere plataforma digital berberarekin argitaratzen dira gaur egun Karkara, Zarauzko Hitza, Baleike, Uztarria eta Maxixatzen. Berritzen azkena Uztarria.eus izan da, eta aldaketak erantzun oso ona izan du herritarren artean. Interneteko atariek duten harrera ikaragarria izan du hizpide Andoni Elduaien kazetari azkoitiarrak: "Papereko edukiak herritar ugarik irakurtzen dituzte, zorionez harpide kopuru sendoa dugu eskualdean, baina azpimarratzekoa da Interneteko atariek daukaten indarra". Ikaragarrizko harrera dute tokian tokiko webguneek, eta horren erakusle dira estatistikak: "Tokiko hedabideen artean liderrak gara, eta Hekimen elkarteko hedabide guztien bisita kopuruaren zerrendan bigarrenak –gutxi gorabehera, 800.000 bisita dituzte UKTko webguneek hilean–. Horrek esan nahi du Uztarria.eus, Maxixatzen.eus, Karkara.eus, Zarauzkohitza.eus eta Baleike.eus informazio iturri nagusi direla beren herrietan". Esparru gutxitan erakusten du euskarak horrelako lidertza, eta UKTrentzat oso garrantzitsua da emaitza horiek izatea, etorkizuna eremu digitalean baibaitago.

Ikus-entzunezkoen arloa indartzeko ere urratsak egin ditu UKTk. Horren erakusle dira, Gorka Eizagirre telebistako teknikariaren arabera, honako emaitza hauek: "Telebistako lantaldea osatu dugu, kazetaritza lanak egiten ari gara ikus-entzunezko formatuetan eta eduki gehiago ekoizten ere bai webguneetarako eta telebistarako. Lan horiek guztiak ondo antolatutako eta herrietako bulegoetan banatutako erredakzio talde bakarretik egiten dira gaur egun".

Marketin taldea ere antolatuta dago; eskualdeko herrietako merkatariei ahalik eta zerbitzu onena eskaini ahal izateko eratu eta moldatu da arlo hori. Zerbitzuen katalogoa osatuta dago jada, eta UKT prest dago bezeroek behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko. "Publizitatea egin nahi dutenentzat komunikazio taldeko euskarriak dira erakusleiho onenak, herritar gehienengana iristeko gaitasuna baitute. Eta orain, gainera, gure eskaintzaren eremua zabaldu egin da: edukiak herrian, eskualde osoan edo Euskal Herrian zabaltzeko bideak eta bitartekoak ditu UKTk", azaldu du arlo komertzialeko zuzendariak. Publizitateaz gain, baina, komunikazio zerbitzuak ere eskaintzen ditu taldeak: argitalpenak, diseinu lanak, ekitaldien antolaketa, streaming bidezko emanaldiak, bideo lanak, marketin digitala... Eskualdeko merkatariei, enpresei, elkarteei edota erakundeei laguntzeko prest dago UKT.

Aiora Larrañaga erredaktoreburua

Talde multimedia ez ezik, transbertsala da UKTrena. "Lantalde handi batek osatzen du kooperatiba, eta arloz arlo antolatutako taldetxoak izanagatik, proiektuka egiten dugu lan. Elkarlana da gure oinarria, horrela soilik lor baitaitezke helburuak. Taldearen garrantzia oso barneratuta dugu UKTko kideok, pertsonek egiten baitute taldea, pertsonak baitira proiektu honen erdigunea", azaldu du Aiora Larrañagak.

Etengabe berrituz

Herritarren informazio eta komunikazio beharrei ahalik eta ondoen erantzutea da Urolako Komunikazio Taldearen helburu nagusia. Horrek, ezbairik gabe, eskaintza osatzea eta berritzea eskatzen duela adierazi du Zabaletak. "Orain arte egindako gisan, berrikuntzak egingo dira euskarri guztietan, baina aurrerapauso handienak, dudarik gabe, arlo digitalean nahiz ikus-entzunezkoetan egingo ditu komunikazio taldeak datozen urteetan".

Bide horretan sostengu izugarria dira herritarrak, eta hala izaten segi dezaten nahi du UKTk. Izan ere, irakurleen eta bazkideen babesik gabe ezinezkoa zatekeen gaur dagoen lekura iristea. "Eskualdeko proiektuarekiko atxikimendua sustatzeko formula berriak aztertzen eta prestatzen ari gara, orain arte tokian tokiko elkarteetako bazkideei, argitalpen jakinetako harpideei eta batuko diren lagun berriei ahalik eta zerbitzu onena emateko, bide horretan eskaintza hobetzeko".

Garai zailak dira. Ez dago ukatzerik. Ikusi besterik ez dago COVID-19ak zer ekarri duen. Eta ekar dezakeenak ere kezka sortzen du; UTK ez da salbuespena. Baina sinergiak bilatu behar direla argi du Zabaletak: "Urolako Komunikazio Taldeak tokian tokiko komunitatearen, eragileen, taldeen, enpresen, merkatarien, ostalarien eta abarren bidelagun izan nahi du; izan ere, komunikazio taldeak badu horiek mundu digitalera jauzi egiteko eta mundu horretan ahalduntzeko estrategiak garatzeko gaitasuna".

Finean, komunitateak, herritarrek, behar duten komunikazio tresna izan nahi du UKTk: "Denon eskura dago Urolako Komunikazio Taldea, denon beharrei erantzuteko prest".

Gorka Eizagirre telebistako teknikoa

Erlazionatuak

UKT begirada bakarrean

Maxixatzen.eus 2020 aza 17 Azkoitia

UKTko elkarte sortzaileak

Maxixatzen.eus 2020 aza 17 Azkoitia

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide