Azken hiru egunotan 11 positibo baieztatu dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 16a, 14:16

Ostiraletik igandera 11 positibo atzeman ditu Osasun Sailak Azkoitian, aurreko bi asteburuetan baieztatutakoen erdiak, eta behera egin du intzidentzia tasak: 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua 1.309,53 zen ostiralean, eta 1.234,46 da orain. Dena dela, oraindik eskualdeko intzidentzia tasarik handienetakoa du Azkoitiak. 

Azken hiru egunotan 11 positibo baieztatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herrian: bi ostiralean, lau larunbatean eta bost atzo. Aurreko bi asteburuetan erdietsitakoa baino datu hobea da, horietan bietan hogeina positibo atzeman zituelako. Eta intzidentzia tasak ere behera egin du azken egunotan: 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua 1.309,53 zen ostiralean, eta 1.234,46 da orain. Dena dela, oraindik ere eskualdeko intzidentzia tasarik handienetakoa du Azkoitiak.   

Eskualdean ere aurreko asteburuan aurreko asteburuan baino positibo gutxiago atzeman ditu Osasun Sailak. Ostiraletik igandera bitartean 95 lagunek eman dute: 37 izan ziren ostiralean, 28 larunbatean eta 30 atzo, igandea. Aurreko asteburuan (azaroaren 6tik 8ra), 154 kasu zenbatu zituzten.

Zarautzen detektatu dituzte positibo gehien: 26. Hamahiru kasu zenbatu zituzten ostiralean, zazpi larunbatean eta sei atzo, igandea, eta une honetan, 742,46koa da kasu metatuen tasa (836,87koa izan zen aurreko asteburuan). Azpeitiak oso gertutik jarraitu dio Zarautzi: 23 emaitza positibo izan dira, hain zuzen, hamar ostiralean, bost larunbatean eta zortzi atzo. 1195,62koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz, aurreko asteburuan baino baxuagoa (1.222,19koa zen lehengo astelehenean).

Orion, bestalde, hamalau kasu berri topatu dituzte asteburuan; hamaika izan dira Getarian, zazpi Zumaian, bi Aian eta bat Errezilen. Azpimarratzekoa da Zumaian atzemandako positiboen kopuruak izan duen beherakada. Azaroaren 2tik 8ra 37 kasu zenbatu zituzten eta 1.343,51koa zen intzidentzia tasa; pasa den astean (azaroaren 9tik 15era), ordea, 24 positibo izan dira. Azkeneko datuekin, 620,87koa da kasu metatuen tasa.

Ostiraletik igandera arteko zenbatekoak kontuan hartuta, eskualdeko bost herritan jarraitzen du piztuta semaforo gorriak: Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian.

Intzidentzia tasa behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

COVID-19a atzemateko 38.834 proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan joan den asteburuan. Horietatik 3.087 izan dira emaitza positiboak; hain zuzen, 1.234 ostiralean, 1.043 larunbatean eta 801 atzo. Aurreko asteburuan PCR eta antigeno gutxiago egin zituen Osakidetzak, 38.498, eta gehiago izan ziren detektatutako positiboak: 3.867. Hortaz, behera egin du positibotasun tasak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz %7,8koa da ehunekoa, eta aurreko astelehenean, azaroak 8, %9,8koa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide