Azkoitiko intzidentzia tasak apaltzera egin du azken egunotan

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 13a, 13:49

Abuztuaren 1etik atzora arteko positiboen eta asteko bataz bestekoaren grafikoa.

Atzo bost positibo zenbatu zituen Osakidetzak Azkoitian, eta 62 dira azken zazpi egunetan gauzatutako testetan positibo eman duten herritarrak. Azken zazpi egunetan, batez beste, bederatzi lagunek eman dute positibo herrian, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasak apaltzera egin duen arren, oso altua da oraindik ere: 1.309,53.

Koronabirusak ez du atsedenik ematen herrian, eta horren erakusgarri dira aste honetako datuak ere. Atzo, osteguna, herrian gauzatu zituzten PCR probetan eta antigeno testetan –ez dute zehazten herriz herri zenbat egiten dituzten– bost positibo atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Astelehenetik, guztira, 42 lagunek eman dute positibo herrian. Azken zazpi egunetan, berriz, 62 herritarrek; eguneko bederatzi lagunek, batez beste. Dena dela, joan den astekoak baino datu hobeak dira; izan ere, urriaren 30etik azaroaren 5era–, 95 lagunek eman zuten positibo.

Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko. Beheko grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Irailaren hasieratik, gorabehera handiekin, baina goranzko joera izan du intzidentzia tasak, eta joan den ostiralean —azaroak 6— jo zuen goia han, 1.459,67ra iritsita. Harrezkero apaltzera egin du, baina oraindik ere oso altua da: 1.309,52.

Azkoitikoaz gain, Urola Erdiko beste bi herri handienen tasa ere ekarri du Maxixatzen.eus-ek goiko grafikora. Azkoitian bezalaxe, Azpeitian ere ez dituzte batere datu onak, baina joan den asteaz geroztik, Azkoitian baino intzidentzia tasa baxuagoa dute. Azpeitian urriaren 30ean jo zuen goia 1.700eko tasa gaindituta; joan den larunbatean —azaroak 7— 1.142,48 zen tasa; eta gaur 1.248,75 da. Atzo beste hamabi positibo atzeman zituzten han.

Zestoan, berriz, urriaren 27an jo zuen goia tasak –1.174–, baina azken astebetean, gorabeherak gorabehera, behera egin du: Osakidetzak gaur kaleratutako datuen arabera, 887,03 da tasa. Atzo bost positibo zenbatu zituzten han.

Grafikoan ikusten diren gorakada horiek, neurri batean, koronabirus agerraldiek eta fokuek eragindakoak dira; izan ere, abuztuan Alde Zaharrean izandako fokuarekin du zer ikusia Azpeitiko lerroko gorakadak, eta Zestoan irailaren erdi-bukaera aldean izan zen agerraldiarekin. Azkoitian ere goraka nabari daiteke baheketa selektiboa egin zuten egunetan.

Errezilgo datuak ere ez dira onak, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez –628 zehazki–, tasak eta batez bestekoak oso aldakorrak dira. Azken zazpi egunetan zazpi errezildarrek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan, eta herri horretako azken astebeteko 100.000 biztanleko positibotasun tasa 495,70 da. Dena den, azken hamalau egunetakoa kontuan hartuz gero, nabarmen egiten du gora tasak: 2.547,77 da. Atzo bi positibo detektatu zituzten Errezilen.

Urola Kostan, guztira, 45 positibo atzeman zituen Osakidetzak atzo gauzatutako probetan. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Errezilgo 24 kasuez gain, Orion zazpi, Zarautzen eta Aian launa, Getarian hiru, Zumaian bi, eta bat Aizarnazabalen.

Hego Euskal Herrian 1.636 kasu

Gipuzkoan 619 positibo izan ziren atzo, 653 Bizkaian eta 137 Araban. Guztira, 17.061 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 1.420k eman zuten positibo –positibotasun tasa % 8,3koa da–. Erietxeetako egoerak okerrera egin du beste behin: atzo 60 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 500 dira ospitaleetan daudenak. Horietatik 134 lagun daude ZIUn. 

Nafarroako datuak ere eman ditu hango gobernuak. Atzokoan 3.520 proba egin zituzten, eta horietatik 216 kasu zenbatu dituzte. Azken egunetan nabarmen egin du hobera Nafarroako egoerak. Duela hiru aste egunean 700 positiboren bueltan ibili ziren, eta azken egunotan 300 baino gutxiago zenbatu dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide