Euskal Selekzioak norgehiagoka jokatuko du datorren astelehenean Costa Ricaren aurka, eta Javier Clemente entrenatzaileak dagoeneko eman du partidako deialdian sartu dituen 22 jokalarien izenak. Guztira, Athleticeko hamabi jokalari, Realeko bost, Alaveseko nahiz Osasunako bi eta Eibarreko bat deitu ditu entrenatzaileak, eta tartean da Igor Zubeldia Realeko jokalari azkoitiarra. Zubeldia aurrenekoz sartu da Euskal Selekzioaren deialdian.
Euskal Selekzioaren eta Costa Ricaren arteko neurketa Eibarko Ipurua zelaian izango da, 20:45ean. Euskal Selekzioak FIFAren egutegiaren barruan jokatuko duen hirugarren norgehiagoka izango da. Izan ere, lehena 2018ko urriaren 12an jokatu zuen Venezuelaren aurka, eta bigarrena iazko maiatzean, Panamaren kontra.