Kasu positiboek kopuru altuetan jarraitzen dute Azkoitian

Julene Frantzesena 2020ko aza. 6a, 14:05

Abuztuaren 1etik atzora arteko positiboen eta asteko bataz bestekoaren grafika.

Beste 21 kasu atzeman ditu Osasun Sailak Azkoitian. Azkoitiko intzidentzia tasa orain arteko altuena da gaur, 1442,99koa hain zuzen.

Kasu positiboen kopuruak maila altuan jarraitzen du Azkoitian. Atzo, osteguna, herrian gauzatu zituzten PCR probetan –ez dute zehazten herriz herri zenbat test egiten dituzten– 21 positibo atzeman dituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Astelehenetik, guztira, 75 lagunek eman dute positibo herrian. Azken zazpi egunetan, berriz, 95 herritarrek; egunean, batez beste, 13,5 lagunek. Azken 60 egunetako kopuruak kontuan hartuz gero, berriz, 483 kasu positibo zenbatu dituzte Azkoitian; martxoan atzeman zuten lehen kasuaz geroztik, aldiz, 560 herritarrek eman dute positibo.

Intzidentzia tasak ere goranzko joera hartu du berriz; hamalau eguneko 100.000 biztanleko tasa 1442,99koa dela jakinarazi du Osasun Sailak, eta ondorioz kasuen agerraldien joera goranzkoa da gaur-gaurkoz.

Osasun Sailak, dena den, hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko. Goiko grafikan –Azkoitia urdinez– abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Irail hasieratik etengabeko hazkundea izan du zenbateko horrek herrian. Herrian goraka nabari daiteke baheketa selektiboa egin zuten egunetan –urriaren 7tik 10era–. Goraka horien ondorioz, Azkoitiko intzidentzia tasa orain arteko altuena da gaur, 1442,99koa hain zuzen ere. Duela hamalau egun, 1.176,08 zen tasa. 

Azkoitikoaz gain, Urola Erdiko bi herri handienen tasa ere ekarri du Maxixatzen.eus-ek goiko grafikora. Azkoitian goranzko joera badu ere, Azpeitian apaltzera egin du azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko positibotasun tasak. Hain zuzen ere, Azkoitikoa baino altuagoa izan zen herri horretako zenbatekoa aurreko astean, esaterako, baina azken egunetan behera egin du nabarmen, eta gaur 1.368,32n dago kokatuta –hamalau kasu atzeman dituzte han azken orduetan–. Zestoan, berriz, urriaren 27an jo zuen goia tasak –1.174–, baina azken astebetean, gorabeherak gorabehera, behera egin du: Osakidetzak gaur kaleratutako datuen arabera, 939,21 da tasa. Atzo positibo bakarra zenbatu zuten han.

Errezilgo datuak ere ez dira onak, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez –628 zehazki–, tasak eta batez bestekoak oso aldakorrak dira. Azken zazpi egunetan bost errezildarrek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan, eta herri horretako azken astebeteko 100.000 biztanleko positibotasun tasa 391,34 da. Dena den, azken hamalau egunetakoa kontuan hartuz gero, nabarmen egiten du gora tasak: 2.866,24 da intzidentzia tasa. Atzo positibo bat detektatu zuten Errezilen.

Urola Kostan, guztira, 64 positibo atzeman zituen Osakidetzak atzo gauzatutako probetan. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Errezilgo 37 kasuez gain, hamabi Zarautzen, Orion sei, Zumaian bost, Getarian bi eta bana Aian nahiz Aizarnazabalen.

Hego Euskal Herrian 1.892 kasu

Gipuzkoan 663 positibo izan ziren atzo, 690 Bizkaian eta 175 Araban. Guztira, 14.937 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 1.277k eman zuten positibo –positibotasun tasa % 8,5ekoa da–. Erietxeetako egoerak nabarmen egin du okerrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: atzo 74 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 463 dira ospitaleetan daudenak. Horietatik 111 lagun daude ZIUn. 

Nafarroako datuak ere eman ditu hango gobernuak. Atzokoan 4.482 proba egin zituzten, eta horietatik 345 kasu zenbatu dituzte. Astelehenetik nabarmen moteldu da positiboen hazkundea; 400 kasutik behera zenbatu dituzte bi egunetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide