Gaurkoan ere datu kezkagarriak kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Eskualdean beste 66 lagunek eman dute positibo; herenegun baino 11 gutxiago dira, baina, hala ere, asko. Beizaman eta Aizarnazabalen izan ezik, beste herri guztietan atzeman dituzte kasu berriak.
Azkoitian zenbatu dituzte positiborik gehienak, 23, aspaldiko gehien. Joan den astean positibo berrien kopurua pixka bat apaldu zen, baina azken hiru egunotan asko hazi da berriz ere. Astelehenaz geroztik, 54 zenbatu dituzte; eta azken astean 84 izan dira. Horrenbestez, hamalau eguneko intzidentzia tasa altua da: 100.000 laguneko 1.434,65.
Zarautzen ere okerrera egin du egoerak. Azaroaren 2an 100.000 laguneko 500 positiboren langa gainditu zutenetik, asko hazi da positibo berrien kopurua. Atzo beste hamasei atzeman zituzten, eta horiekin, 103 dira astebetean zenbatu dituztenak. Horrenbestez, 729,58ko intzidentzia tasa dute han.
Azpeitian, hamar positibo berri hauteman zituzten atzo, herenegun baino 11 gutxiago. 92 dira azken astean herri horretan zenbatu dituztenak. Ondorioz, 1.414,81eko intzidentzia tasa dute; urriaren 29tik apaltzera egin du (1.653), baina oraindik ere oso altua da.
Dena dela, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietan, oraindik ere Zumaiak du intzidentzia tasarik handiena: 1.770,99. Egia da herrian baheketa selektiboa egin zutenetik positibo berrien kopuruak apaltzera egin duela, baina atzokoan ere sei atzeman zituzten, eta 71 izan dira astebetean zenbatu dituztenak.
Orion ere semaforo gorria piztuta dute, 557,46ko intzidentzia tasarekin. Atzo beste bost kasu baieztatu zituen Osasun Sailak, eta, orotara, 23 zenbatu ditu astebetean.
Horiez gain, Getarian eta Zestoan bina positibo atzeman zituzten atzo, eta Errezilen eta Aian bana.
1.874 positibo, Hego Euskal Herrian
Nafarroako erietxeetako egoeraren inguruko daturik oraindik ez du eguneratu hango gobernuak.
LABIren bilera, gaur arratsaldean
Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (LABI) egoeraren azterketa egiteko bilera du gaur arratsaldean, eta oso litekeena da horren ostean neurri murriztaile berriak iragartzea Eusko Jaurlaritzak. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiria elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, eta ez du zehaztu zein aldaketa proposatuko dituzten bilera horretan; esan du xedea izango dela ororen gainetik «egoerarik arriskutsuenak» eragoztea. Gogorarazi du, adibidez, toki «itxietan» sarri zaila izaten dela aireztapen neurri egokiekin jardutea eta pertsonen arteko distantzia egokiak bermatzea.