Udalak lizitaziora atera ditu Floreagako lehen igogailuaren lanak

Andoni Elduaien 2020ko aza. 5a, 10:46

Lehen faseko lanetan igogailua eta bi pasabide eraikiko dituzte. (Argazkia: udala)

Floreaga-zahar Jauregiaren sarrera ondoan eraikiko dute igogailua. Gainera, bi pasabide izango ditu igogailuak, bata Zuazola kalera eta bestea Floreaga Ikastetxera. Lanen aurrekontua 749.453,43 eurokoa da, eta datorren urteko lehen hiruhilekoan lanak hastea aurreikusi du udalak.

Udalak lizitaziora atera ditu Floreaga auzoko lehen faseko lanak. Exekuzio proiektuak jasotakoaren arabera, Floreaga-zahar Jauregiaren sarrera ondoan eraikiko dute igogailua, eta bi pasabide izango ditu igogailuak loturetarako, bata Zuazola kalera iritsiko da eta bestea Floreaga Ikastetxera. Lehenengo esku-hartzearen aurrekontua 749.453,43 eurokoa da (BEZ barne) eta obrak hasitakoan sei hilabeteko exekuzio epea aurreikusi du udalak. Lizitaziora proposamenak aurkezteko azken eguna datorren asteartea, azaroak 10, izango da. Udalak azaldu du lizitazio prozesuak "luzeak" izaten direla, eta "normaltasunez badoa" eta "alegaziorik zein bestelako eragozpenik" ez bada izaten, lanak 2021eko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusten duela.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak Floreaga auzoko irisgarritasuna izan du hizpide. "Auzoko irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa hartu genuenetik egindako bidea ez da makala, irisgarritasuna eskubidea delako eta ez pribilegioa. Ez dugu inor etxetik atera ezinik geratzerik nahi bitarteko ezagatik. Beti argi utzi izan dugu udal honen inbertsio ahalmenarekin ezinezkoa dela horrelako proiektu bat kolpera egitea, baina bai planifikazioarekin eta aurreikuspenarekin. Lehen igogailua jartzearekin proiektua paperean izatetik erabiltzera pasako gara".

Azkoitiko Udalak 2018an egin zuen Floreagako irisgarritasuna hobetzeko alternatiben azterketa. Azterlanak "beharrezko" bost esku-hartze ondorioztatu zituzten. Proiektu osoak lau igogailu aurreikusten ditu, baita hainbat pasabide, arranpa, eta zebra-bide berri ere. Hori horrela, proiektua bost fasetan bereiztea erabaki zuten. "Lehen eta bigarren faseen exekuzio proiektuaren idazketak egiteraino aurreratu da proiektua. Lehen fasea dagoeneko bideratuta dago lizitazioarekin", azaldu du udalak. Duela urtebete jakinarazi zuen udalak lehen eta bigarren faseen idazketa lanak esleitu zituela.

Lehen faseak Floreaga eta Zuazola kalearen arteko irisgarritasuna "hobetu" egingo duela azaldu du udalak. "Zuazolako bizilagunentzat baliagarria izateaz gain, Floreaga Ikastetxe ondoan eraikitzen ari diren etxebizitzetako bizilagunentzat ere erabilgarria izango da; baita hezkuntza zentroentzat ere". Bigarren fasean, bestalde, bigarren igogailu bat eraikitzea da asmoa, eta igogailu horrek Zuazola kalea, Zuazola plaza eta Floreagaberri lotuko ditu. Hirugarren fasean, berriz, eskaileren tokian arranpak jarriko dituzte Zuazolan. Laugarren fasean Floreagaberrin beste igogailu bat muntatzea aurreikusten du udalak, eta azken fasean, Izarraitz eta Aretxabaleta artean azken igogailua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide